Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXI. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Lanik egin nahi ez dauanak ez dagiala jan.

Senideok: Jesu Kristo gure Jaunaren izenean hau agintzen deutsuegu: alde egin dagizuela zabarkerian bizi diran eta gure irakatsiei jarraitzen ez deutseen senideakandik. Ondo dakizue zelan jokatu behar dozuen gure ereduari jarraitzeko: ez ginan zuen artean zabarkerian bizi izan, ez genduan inoren kontura ogia jan; bestetara, gau eta egun lanean nekatu ginan, zuetako inorentzat zama ez izatearren. Bagenduan zuen kontura biziteko eskubidea, baina lan egin gura izan genduan zuei jarraibidea emoteko. Zuekin egon ginanean, arau hau emon geuntsuen: lanik egin nahi ez dauanak ez dagiala jan.

Bakea emoten dauan Jainkoak emon deizuela bakea aldioro eta era guztietan. Jauna zuekin guztiokin!

Eta orain neure eskuz agurra: Paulok. Honan sinatzen ditut neure gutun guztiak; nire idazkerea bera dozue. Jesu Kristo gure Jaunaren grazia zuekin guztiokin.

R/ Dohatsu, Jaunaren bildur dana.

Zorionekoa Jaunari begirune deutsona

eta haren bideetan dabilena!

Zeure lanaren frututik jango dozu,

zoriontsu izango zara eta ondo joango jatzu. R/.

Hara zelan izango dan bedeinkatua

Jaunari begirune deutson gizona!

Bedeinkatu zagizala Jaunak Siondik,

Gozatu zaitezala Jerusalemen zorionaz

zeure bizitzako egun guztietan.R/.

Profetak hil ebezanen semeak zaree.

Aldi haretan, honan berba egin eban Jesusek: «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Hilobi zurituen antzeko zaree: kanpotik itxura ederrekoak, baina barrutik hil-hazurrez eta ustelkeriaz beteak! Zuek ere honakoak zaree: kanpotik zintzoak jentearen aurrean, baina barrutik itxurakeriaz eta gaiztakeriaz beteak.

Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Profeten hilobiak eregiten eta gizon zintzoen hilarriak apaintzen dozuez, esanez: "Gure asaben egunetan bizi izan bagina, ez geunkean parterik hartuko hareekin profeten hilketan". Holan, zeuek autortzen dozue profetak hil ebezanen ondorengoak zareela. Bete egizue, bada, zeuen gurasoen egintza gaiztoen neurria!»