Hazur iharrok: Espiritua sartuazoko dot Nik zuekan, eta biziko zaree.
Egun hareetan, Jaunaren indarra jabetu zan nitaz, eta beraren Espirituak hartu eta hazurrez betea egoan haran baten erdian itzi ninduan. Batera eta bestera ibiliazo ninduan hareen artean: hazur-pilo izugarria egoan haranaren gainean, zehatz ihartuak.
Jaunak esan eustan: «Gizaseme, bizi ete daitekez hazur honeek barriro?» Erantzun neutsan: «Jauna, Zeuk jakingo dozu».
Harek, orduan: «Berba egin nire izenean hazur honeei eta esan: "Hazur iharrok, entzun Jaunaren hitza. Hau esaten deutse Jainko Jaunak hazur ihar honeei: Espiritua sartuazoko dot Nik zuekan, eta biziko zaree. Zainez inguratuko zaituet, haragia eratuko dot zuen gainean, narruazala zabalduko eta espiritua emongo deutsuet, bizi zaitezen. Eta jakingo dozue Neu nazala Jauna"».
Berba egin neban Jaunaren izenean Berak agindu lez, eta, nik berba egin bitartean, hots bat izan zan: lurrak dardara egin eban eta hazurrak bata besteagaz alkartzen hasi ziran. Gainean zainak eta haragia sortzen jakezala ikusi neban eta narruazalez estaltzen zirala; baina ez eben espiriturik.
Jaunak, orduan, esan eustan: «Berba egin nire izenean espirituari, berba egin, gizaseme. Hau esango deutsazu espirituari: "Horra zer dinoan Jainko Jaunak: Zatoz lau haizeetatik, espiritu, eta haizea emon hildako honeei, bizi daitezan"».
Berba egin neban Jaunaren izenean Berak agindu lez, eta espiritua sartu zan hazurretan, bizira bihurtu ziran eta zutunik jarri: gudaroste izugarria zan.
Esan eustan Jaunak: «Gizaseme, hazur horreek Israel herri osoa dira. Hor dabilz esaten: "Gure hazurrak ihartuak dagoz, galdua dogu itxaropena; gureak egin dau".
Berba egin, beraz, nire izenean eta esan: "Horra zer dinoan Jainko Jaunak: Nik edegiko ditut zuen hilobiak, urtenazoko deutsuet zuen hilobitik, ene herri, eta Israelgo lurraldera eroango.
Eta zuen hilobiak edegi eta horreetatik urtenazoko deutsuedanean, ene herri, orduan jakingo dozue Neu nazala Jauna. Neure espiritua ipiniko dot zuekan, eta bizibarrituko zaree. Zeuen lurraldean ezarriko zaituet, eta jakingo dozue, Nik, Jaun honek, esandakoa bete egiten dodala"» . Halan dino Jaunak.
R/ Eskerrak Jaunari, haren maitasuna betikoa da-eta.
edo Alleluia
Oihukatu begie Jaunak askatuek,
zapaltzailearen eskutik askatu
eta herrialde guztietatik, ekialde eta mendebaldetik,
iparralde eta hegoaldetik batutakoek. R/.
Noraezean ebilzan basamortuan,
bide bakartietan, bizitzeko uririk aurkitu ezinik.
Gose eta egarri ziran,
hilzorian, adorea galdurik. R/.
Baina larrialdian Jaunari deadar egin eutsoen
eta libratu ebazan estualditik.
Bide zuzenetik eroan ebazan,
bizitzeko urira heldu arte. R/.
Goratu begie Jauna bere maitasunagaitik,
gizakien alde egiten dituan gauza harrigarriakaitik!
Asetu ebazan egarri ziranak,
ondasunez bete gose ziranak. R/.