Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XIX. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
Juana Francisca de Chantal Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Egin kurutze bana ezaugarritzat bekokian, Jerusalemeko egintza higuingarriakaitik negarrez dagozanei.

Ozen deadar egiten entzun neutsan Jaunari: «Hurreratu uriaren zigortzaileok, bakotxa bere arma hondatzaileagaz». Orduan, sei gizon agertu ziran, iparraldera dagoan goiko atearen bidetik, bakotxak bere armea eskuan ebala. Hareen erdian linoz jantzitako gizon bat egoan, idazteko tresnak gerrian ebazala. Sartu eta brontzezko altarearen ondoan gelditu ziran.

Israelen Jainkoaren aintza, euskarritzat ebazan izaki hegodunen gainetik jagirik, tenpluko ate sarrerara joan zan. Orduan, linoz jantzitako eta gerrian idazteko tresnak ebazan gizonari dei egin eta esan eutsan Jaunak: «Zoaz Jerusalem uri osoan zehar eta egin kurutze-itxurako ikur bana, bertan egiten diharduen higuingarrikeria guztiakaitik antzi eta negar egiten dabenen bekokian».

Eta besteei hau esaten entzun neutsan: «Igaro uria gizon horren atzetik eta egin triskantza erruki barik, ez parkatu inori. Zahar, neska eta mutil gazte, ume eta emakume, hil eta garbitu egizuez danak; baina ez ikutu kurutze-ikurra daroan inor. Santutegitik hasiko zaree».

Holan, tenpluaren aurrean egozan zaharretatik hasi ziran. Gero, esan eutsen linoz jantzitakoak: «Kutsatu tenplua, atariak hildakoz betez. Urten egizue». Urten eta triskantzeari ekin eutsoen urian.

Jaunaren aintza tenpluko sarreratik atara eta izaki hegadunen gainean kokatu zan. Orduan, izaki hareek hegoak zabaldu eta jagi egin ziran lurretik nire begi aurrean. Eta izaki hegadunak urtetean, gurpilak ere hareekin batean mugitu ziran.

Tenpluaren sortaldeko ate-sarreran gelditu ziran, eta Israelen Jainkoaren aintza izaki hegadunen gainean egoan. Ohartu nintzan, izakiok Kebar ibaiaren ondoan, Israelen Jainkoaren azpian ikusi nituan izaki bizidunak zirala. Launa aurpegi eta launa hego ebezan eta, hegopean, giza eskuen itxurako batzuk. Hareen aurpegiak Kebar ibaiaren ondoan ikusi nituan aurpegien antzekoak ziran. Zuzen-zuzen joian bakotxa aurrera.

R/ Bedeinkatua izan bedi Jaunaren izena, orain eta beti.

V/.

Goratu egizue, Jaunaren zerbitzariok,

goratu Jaunaren izena.

Bedeinkatua izan bedi Jaunaren izena,

orain eta beti. R/.

V/.

Eguzkiaren sorlekutik sarlekura,

goratua izan bedi Jaunaren izena.

Jauna herri guztien gainean garai dago,

haren ospea zerua baino gorago. R/.

Entzuten badeutsu, irabazi dozu zeure anaia.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zure senideak pekatu egiten badau, zoaz beragana eta zentzatuazo bakarrean. Jaramon egiten badeutsu, irabazi dozu senidea. Jaramonik egiten ez badeutsu, barriz, hartu egizuz zeugaz lagun bat edo bi, auzi guztiak bi edo hiru lekukoren autorpenaz erabagi behar dira-eta. Honei ere jaramonik egiten ez badeutse, esaiozu alkarteari, eta alkarteari ere jaramonik egin nahi ez badeutso, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko.

Benetan dinotsuet: zuek mundu honetan lotutakoa, zeruan ere lotuta geldituko da, eta zuek mundu honetan askatutakoa, zeruan ere askatuta.

Beste hau ere esaten deutsuet: zuetako bik alkar hartzen badabe mundu honetan Jainkoari zeredozer eskatzeko, emon egingo deutse zeruko nire Aitak. Izan ere, nire izenean bi edo hiru lagun nonbaiten batzen badira, han izango naz Ni euren erdian».