Iruntziazo eustan liburu batu ha, eta eztia baizen gozoa izan jatan nire ahoan.
Jaunak esan eustan: «Gizaseme, entzun esaten deutsudana; ez izan errebelde, herri hori lez; zabaldu ahoa eta jan egizu emoten deutsudan hau». Orduan, esku bat ikusi neban, nigana luzatuta, biribilduriko liburua eukana. Zabaldu eban nire aurrean eta alde bietatik egoan idatzita: bertan negar-kantak, intziriak eta aieneak egozan idatzita.
Gero, esan eustan: «Gizaseme, jan biribilduriko liburu hau eta joan gero Israel herriari berba egitera». Zabaldu neban ahoa eta liburua janazo eustan. Eta esan eustan: «Gizaseme, bete sabela emoten deutsudan liburu honegaz». Jan neban, eta eztia baizen gozoa izan jatan. Gero, esan eustan: «Gizaseme, zoaz Israel herriagana eta adierazo nire berbak».
R/ Jauna, bai gozo zure esana nire ahoari.
Zure aginduak betetea niretzat pozgarriago,
aberastasun guztiak baino.
Bai, zure aginduetan dot gozamena,
horreek neure kontseilari. R/.
Zein ona niretzat zure ahoko legea,
urre-zidarrezko milaka txanpon baino hobea.
Bai gozo niretzat zuk hitzemona,
ahoan eztia baino gozoago. R/.
Zure aginduak nire ondare betiko,
Hareen deustee-eta bihotza pozten.
Ahoa zabaltzen dot eta arnasa hartzen,
zure aginduak biziro irrikatuz. R/.
Begira gero, txiki horreetako bat gitxitzat hartzea!
Aldi haretan, hurreratu jakozan ikasleak Jesusi eta itaundu eutsoen: «Nor da handiena zeruetako erreinuan?» Jesusek, umetxo bati deitu, hareen artean jarri eta esan eutsen:
«Benetan dinotsuet: Barriro umeen antzeko bihurtzen ez bazaree, ez zaree sartuko zeruetako erreinuan. Beraz, ume hau baizen txiki bihurtzen dana, hori da zeruetako erreinuan handiena. Eta honako umea nire izenean onartzen dauanak Neu onartzen nau.
Kontuz! Ez dagizuela txiki honeetako inor gitxietsi! Izan ere, egia esan, honeen aingeruak zeruko nire Aitaren aurpegia ikusten dabe eten barik zeruan.
Zer deritzazue? Gizon batek ehun ardi baldin baditu eta bat galtzen bajako, ez al da, beste laurogeita hemeretziak mendian itzirik, galdutakoaren bila joango? Eta aurkitzen badau benetan dinotsuet, gehiago pozten da haregaitik, galdu ez diran beste laurogeita hemeretziakaitik baino. Era berean, zeruko zuen Aitak ez dau gura txiki honeetako inor galtzerik».