Zagoz zutunik mendian, Jaunaren aurrean.
Egun hareetan, Elias Horebera, Jainkoaren mendira, etorri eta hango hartzulo baten gelditu zan. Jaunak esan eutson: «Urten eta zagoz zutunik mendian, Jaunaren aurrean; Jauna igaroko da».
Jaunaren aurretik haize zakar indartsuak jo eban, mendiak urratzen eta harkaitzak zartatzen ebazala; baina Jauna ez egoan haizean. Haizearen ondoren, lurrikara izan zan; baina Jauna ez egoan lurrikaran. Lurrikararen ondoren sua; baina Jauna ez egoan suan. Suaren ondoren haize fin baten hotsa.
Entzun ebanean, Eliasek aurpegia estaldu eban soingainekoaz; gero, urten eta zutunik gelditu zan hartzulo aurrean.
Jaunak esana.
R/ Jauna, zeure onginahia erakutsi eiguzu,
zeure salbamena emoiguzu.
V/.
Entzungo dot Jainkoak dinoana:
Jaunak bakea agintzen deutse bere herriari eta fededunei.
Hurrean dabe salbazinoa begirune deutsoenek;
bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.
V/.
Maitasunak eta leialtasunak alkar dabe aurkitzen,
justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.
Leialtasuna lurretik da ernetzen,
justizia zerutik jaisten. R/.
V/.
Jaunak emongo dau euria,
eta gure lurrak ekarriko bere uzta.
Haren aurretik joango da justizia,
haren pausuei jarraituko deutse ondoizateak. R/.
Anatema izan gura neuke nik, nire senideen alde.
Senideok: Egia dinot Kristo dot lekuko; ez dinot guzurrik, neure kontzientziak ere, Espiritu Santuak argituta, holan autortzen deust: handia da nire nahigabea, eten bakoa nire bihotzaren mina.
Ni neu madarikatua, Kristogandik aldendua izatea ere onartuko neuke, baldin eta hori nire odoleko senideen onerako balitz. Israelen ondorengoak dira eta Jainkoak seme-alabatzat hartu ebazan; eurek dabez Jainkoaren presentzia aintzatsua, itunak, Legea, kultua eta agintzariak; eurenak dira asabak eta, giza jatorriari jagokonez, eurakandik dator Kristo, gauza guztien gainetik dagoan Jainkoa. Bedeinkatua izan bedi gizaldietan. Amen.
V/. Jaunaren zain nago, haren hitza dot itxaroten. R/.
Agindu egidazu Zeugana joateko ur gainean.
Jentea asetu ondoren, Jesusek bere ikasleak ontzian sartuazo ebazan eta bere aurretik bestaldera joateko agindu eutsen, Berak jenteari agur egin bitartean. Jentea bialdu eta gero, mendira igon eban Jesusek bakarrik, otoitz egitera. Ilundu ebanean, han egoan bakarrik.
Txalupea, ordurako, lehorretik urrun joian, olatuek astinduta, haizea kontra eban-eta. Goizaldera, Jesus hareekana joan zan ur gainean oinez. Ikasleak, ur gainean ibilten ikusi ebenean, ikaratu egin ziran, mamuren bat zalakoan, eta bildurraren bildurrez deadarka hasi ziran. Baina Jesusek bat-batean berba egin eutsen: «Izan bihotz! Neu naz; ez izan bildurrik!» Orduan Pedrok esan eutsan: «Jauna, benetan Zeu bazara, agindu egidazu ur gainean Zugana joateko». Jesusek erantzun: «Zatoz!»
Pedro ontzitik jaitsi eta Jesusegana abiatu zan ur gainean oinez. Baina, haizearen indarra nabaritzean, bildurra sartu jakon eta, urperatzen hasi zala, deadar egin eban: «Jauna, salbau nagizu!»
Bat-batean Jesusek, eskua emon eta heldu egin eutsan, esanez: «Sinesmen gitxiko hori! Zergaitik izan dozu zalantza?»
Ontzira igon ebenean, haizea gelditu egin zan. Eta ontzian egozanak Jesusen aurrean ahuspez jarri ziran, esanez: «Benetan Jainkoaren Semea zara Zu!»