Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XVIII. Asteko Asteartea

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
Joan Maria Vianney Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Zure pekatu ugariakaitik egin deutsut guzti hori. Barriro eregiko ditut Jakoben txabolak.

Hau esan eutsan Jaunak Jeremiasi: «Hau dino Jaunak, Israelen Jainkoak: "Idatzi liburu batean Nik esan deutsudazan mezu guztiak".

Izan ere, hau dino Jaunak:

"Erremedio bakoa da zure hondamena, Israel,

Osatu ezina zure zauria.

Ez da inor zutaz arduratzen danik;

ez dago zure zauriarentzat osabiderik.

Ahaztu egin zaitue zure adiskide guztiek,

ez dira zutaz ardura.

Bai, arerio batek lez jo zaitut,

gogor zigortu,

zeure gaiztakeria kontaezinakaitik,

zeure pekatu izugarriakaitik.

Zertan egin garrasi zeure hondamenagaitik?

Zure oinazeak erremediorik ez!

Zeure gaiztakeria kontaezinagaitik,

zeure pekatu izugarriakaitik

egin deutsut hori".

Hau dino Jaunak:

"Horra hor, Jakoben herriaren zoria aldatuko dot,

errukitu egingo naz haren herrialdeaz;

oraingo hondakinen gainean berreregiko da uria,

egoan tokian jasoko jauregia.

Gorespen-kantak igongo dabe handik,

pozezko oihuak.

Ugarituko ditut eta ez dira gitxituko;

ohoratuko ditut eta ez dira gitxietsiak izango.

Lehengo egoeran ezarriko ditut hareen ondorengoak:

hareen batzarra nire aurrean tinko!

Zigortu egingo ditut hareen zapaltzaile guztiak.

Herrikoa izango dabe buruzagia,

euren artetik sortua agintaria.

Nigana hurreratuko dot,

eta ondora etorriko jat.

Bestela, nor ausartuko litzateke

Nigana hurreratzera? —dino Jaunak—.

Neure herri izango zaituet

eta zeuen Jainko izango nozue Ni"».

R/ Zerutik lurrera begiratu dau Jaunak.

Begirunea izango deutsoe nazinoek Jaunaren izenari,

lurreko errege guztiek haren aintzari,

Jaunak Sion barriro eregitean

eta Bera aintzaz betea agertzean.

Bihurtuko da zapalduaren otoitzera,

ez dau gutxietsiko haren eskaria. R/.

Bego hau idatzirik hurrengo gizaldiarentzat,

eta sortzear dagoan herriak goratuko dau Jauna.

Jaunak bere santutegi garaitik begiratu dau,

zerutik lurrera begiratu,

gatibuen aieneak entzuteko

eta heriotzara kondenatuak askatzeko. R/.

Zure zerbitzarien seme-alabak seguru biziko dira,

hareen ondorengoek iraungo dabe zure aurrean.

Iragarri dagiela Sionen Jaunaren izena,

Jerusalemen haren gorespena,

herriak euren erregeekin batera

Jauna gurtzera batuko diranean. R/.

Jentetza ikustean, erruki izan eban.

ALDI haretan, herriz herri eta auzorik auzo ebilen Jesus, hango sinagogetan irakasten, erreinuaren gaineko Barri Ona iragarten eta gatx eta gaixotasun guztiak osatzen. Jentetza ikustean, erruki izan eban, ze nekatuta eta lur jota egoan ha jentea, artzainik bako ardiak lez. Orduan, ikasleei esan eutsen: «Uzta ugaria da, baina langileak gitxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bialdu dagizan beharginak bere uztara».

Jesusek, hamabi ikasleei dei eginik, ahalmena emon eutsen espiritu txarrak botatzeko eta gatx eta gaixotasun guztiak osatzeko.

Jaunak esana.