Herri guztia pilatu zan Jaunaren etxean.
Joakim, Josiasen semea, Judako errege izaten hasi zan sasoian, Jaunak esan eutsan Jeremiasi:
«Hau dino Jaunak: Jarri zaitez Jaunaren tenpluko atarian eta berba egin Judako urietatik Jauna gurtzera tenplura datozan guztiei. Iragarri, agindu deutsudazan berba guztiak, bakar bat ere itzi barik, hareei esateko. Behar bada, entzungo deutsue eta bihurtuko dira euren jokabide okerretik. Holan baldin bada, damutu egingo naz eta ez dot beteko euren egintza gaiztoakaitik emotea pentsauta neukan zigorra.
Esaiezu, beraz: Hau dino Jaunak: Ez badeustazue entzun gura, Nik emon neutsuen legearen arabera jokatuz eta Nik eten barik bialtzen deutsuedazan neure zerbitzari profeten esanak entzunez baina zuek ez dozue entzun gura , orduan Xiloko santutegiari egin neutsana egingo deutsat tenplu honi ere eta madarikazino-adierazgarri izango da uri hau munduko nazino guztientzat».
Abadeek, profetek eta herri guztiak Jaunaren tenpluan berbaldi hau egiten entzun eutsoen Jeremiasi. Eta Jaunak herriari esateko agindu eutsan guztia esan ebanean, abadeek, profetek eta jenteak heldu egin eutsoen, esanez: «Heriotza-zigorra merezi dozu. Zelan ausartzen zara Jaunaren izenean esatera, tenplu hau Xiloko santutegia lakoa izango dala eta uria bizilagun barik gelditzeraino erraustua?» Eta jente guztia Jeremiasen inguruan pilatu zan Jaunaren tenpluan.
R/ Hain onbera zara-eta, entzun nagizu, Jauna.
Buruko uleak baino gehiago dira
Arrazoi barik gorroto deustenak;
indartsuak dira nire erasotzaileak,
nire arerio guzurtiak.
Lapurtu ez dodana bihurtu behar ete dot? R/.
Zugaitik jasan ditut irainak,
Zugaitik lotsaz gorrituta dot aurpegia.
Arrotza izan naz neure senideentzat,
Ezezaguna neure amaren seme-alabentzat.
Zure tenpluaren maiteminak erreten nau,
eta gainera datorkidaz Zuri egindako irainak. R/.
Baina nik Zuri dagizut otoitz;
mesede-sasoia dozu, Jauna.
Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun handiaz,
zeure salbamen leialaz. R/.
Hau ez al da arotzaren semea?
Aldi haretan, Jesus bere herrira joan zan eta irakasten ziharduan sinagogan. Jenteak, harriturik, honan inoen: Nondik ditu Honek holako jakituria eta nondik mirari horreek? Hau ez al da, ba, arotzaren semea? Honen amak ez al dau izena Maria, eta honen anaiek Santiago, Jose, Simon eta Judas? Eta honen arrebak ez al dira gure artean bizi? Nondik dau, beraz, Honek guzti hori? Eta ezin eben sinestu Haregan.
Jesusek esan eutsen: Profeteari edonon emoten deutsoe ohore, bere herrian eta etxean izan ezik. Eta, hareen sinesgogorkeriagaitik, ez eban han mirari askorik egin.