Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Maria Magdalena Santua

Urtean Zehar Jaia A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Orain ez dogu Kristo giza legez ezagutzen.

Senideok: Kristoren maitasunak behartzen gaitu, jakinik bat danakaitik hil dala eta, ondorioz, danak hil dirala. Kristo danakaitik hil da, bizi diranak ez daitezan eurentzat bizi, eurakaitik hil eta biztu dan Harentzat baino.

Beraz, hemendik aurrera guk ez dogu inor giza ikuspegi hutsez ezagutuko; eta inoiz Kristo giza ikuspegi hutsez ezagutu badogu ere, orain ez dogu holan egiten. Beraz, Kristorena dana sorkari barria da; zaharrarenak egin dau, barria sortu da.

R/ Zure egarriz dot barrua, Jauna, ene Jainkoa.

Jainko, Zu ene Jainko,

goizetik nabilkizu bila,

zure egarriz dot barrua, zure gogo biziz ni nazan guztia,

lur idor, agor, ur bakoa lez. R/.

Holan egon gura dot santutegian Zuri begira,

zure indarra eta ospea ikusiz.

Bizia baino ederragoa da-eta zure maitasuna,

nire ezpanek goratuko zaitue. R/.

Holan gura zaitut bedeinkatu neure bizitzan,

eskuak jaso zure izenean.

Jakirik gozoenez lez aseko naz,

eta nire ezpanek poz-oihuz goratuko zaitue. R/.

Zeu izan zaitut-eta laguntzaile;

pozez egingo dot oihu zure egoen kerizpean.

Zuri itsatsia nago osorik,

eta zure eskumeak eusten deust. R/.

Bigarren Irakurgaia

Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.

Irakurri gaztelaniaz →

Zer dozu negarrez, emakume? Noren bila zabiltz?

ASTEAREN lehen-egunean, Maria Magdalena hilobira joan zan

goizean goiz, oraindino ilun egoala, eta harria hilobitik kenduta

ikusi eban. Orduan, Simon Pedrogana eta Jesusek maite eban

beste ikasleagana bihurtu zan lasterka, eta esan eutsen: «Eroan egin dabe

Jauna hilobitik, eta ez dakigu non jarri daben».

Maria hilobi ondoan egoan, kanpoan negarrez. Eta, negarrez egoala,

hilobirantz makurtu zan eta aingeru bi ikusi zituan, zuriz jantzita, Jesusen

gorpua egon zan lekuan jesarrita, bata burualdean eta bestea oinetan.

Aingeruek esan eutsoen: «Zeri negar, emakume?» Mariak erantzun eutsen:

«Nire Jauna eroan dabe, eta ez dakit non ipini daben».

Hau esan eta berehala, atzera bihurtu eta Jesus ikusi eban zutunik, baina

ez zan konturatu Jesus zanik. Jesusek esan eutson: «Zeri negar, emakume?

Noren bila zabiltz?» Mariak, ortuzaina zalakoan, esan eutson: «Jauna, zuk

eroan badozu, esaidazu non ipini dozun, eta neuk hartuko dot».

Jesusek esan eutson: «Maria!» Honek, hurreratuz, esan eutson hebreeraz:

«Rabbuni!» (hau da, «Maisu!»). Jesusek esan eutson: «Itzi nagizu, ze,

oraindino ez dot Aitagana igon. Zoaz nire senideakana eta esaiezu: “Neure

Aitagana eta zuen Aitagana noa, neure Jainkoagana eta zuen Jainkoagana”».

Joan zan Maria Magdalena, eta barri hau emon eutsen ikasleei: «Jauna

ikusi dot, eta hauxe eta hauxe esan deust».

Jaunak esana.