Sinesten ez badozue, ez dozue iraungo.
Akaz, Jotamen semea eta Oziasen bilobea, Judako errege zala, Siriako errege Retzinek eta Israelgo errege Pekahek, Remaliasen semeak, Jerusalemi eraso eutsoen, baina ezin izan eben hartu.
Daviden ondorengoari barri hau emon eutsoen: «Siriarrek Efraimen ezarri dabe kanpalekua». Erregearen eta herriaren bihotzak dar-dar egin eban, haizeak jotean basoko zuhaitzek dar-dar egin ohi daben lez. Orduan, Jaunak esan eutsan Isaiasi: «Hartu zeure seme Xear-Jaxub eta zoaz Akazakana. Goiko urtegiko urbide buruan aurkituko dozu, oihal-garbitzailearen solorako bidean. Eta esaiozu:
"Egon erne, baina nasai.
Ez bildurtu, ez ikaratu
kea darien ilinti-mutur bi horreekaitik,
Siriako Retzinen eta Remaliasen semearen
hasarre-suminagaitik.
Zu galtzeko alkar hartu dabe
siriarrek eta Israelgo herri eta erregeak.
Honan dinoe:
"Igon dagigun Judaren aurka,
inguratu dagigun eta menpean hartu,
eta jarri dagigun bertan errege Tabeelen semea".
Baina hau dino Jainko Jaunak:
"Ez, ez da holakorik jazoko.
Damasko da Siriako uriburu,
eta Retzin Damaskoko buruzagi;
Samaria da Efraimeko uriburu,
eta Remaliasen semea Samariako buruzagi.
Baina hirurogeita bost urte barru
Efraim ez da dagoaneko herri izango.
Sendo sinesten ez badozue,
ez dozue sendo iraungo"».
R/ Sendo ezarri dau Jainkoak bere uria betiko.
V/.
Handi da Jauna, guztiz goresgarri.
Gure Jainkoaren urian haren mendi santua:
tontor eder, lur osoaren pozgarri. R/.
V/.
Sion mendi, Jainkoaren egoitza,
errege handiaren uri.
Hango jauregien artean
gotorleku sendo agiri da Jainkoa. R/.
V/.
Hain zuzen, erregeak ziran alkartu,
danak batera haren aurka oldartu.
Baina ikusi orduko izutu ziran,
eta ihesi joan ikaraz. R/.
Auzi eguna eroangarriago izango da Tiro eta Sidonentzat, zuentzat baino.
Aldi haretan, Jesus miraririk gehienak egin ebazaneko herriak gaitzesten hasi zan, bihozbarritu ez ziralako: «Ai zu, Korozain! Ai zu, Betsaida! Izan ere, Tiro eta Sidon uri jentiletan zuekan beste mirari jazo izan balitz, bihozbarrituak legokezan aspaldian, dolu-jantziz eta hautsez estalduta. Horregaitik, hau dinotsuet: auzi-egunean, Tiro eta Sidonek zigor bigunagoa izango dabe zuek baino.
Eta zu, Kafarnaum, zeruraino jagiko al zara? Lurraren barreneraino jausiko zara! Izan ere, zugan beste mirari jazo izan balitz Sodoman, gaur arte iraungo leukean. Horregaitik, hona nik dinotsuedana: auzi-egunean, Sodomak zigor bigunagoa izango dau zuk baino».