Nire berbeak egingo dau Nik gura dodana.
Honan berba egiten dau Jaunak:
«Euria eta edurra zerutik jaisten dira
eta ez dira barriro hara bihurtzen,
lurra ase, ernaldu eta ernamuindu barik,
lur horrek ereiteko hazia
eta jateko ogia emon dagizan;
holan izango da nire ahotik urtendako berbea ere:
ez da Nigana hutsik bihurtuko,
bai, ostera, egingo dau Nik gura dodana
eta beteko nik ezarritako helburua».
Salmoa · Sal 64, 10abcd. 10e-11. 12-13. 14 (R.: Lc 8, 8)
Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.
Irakurri gaztelaniaz →Izadia bera ere zain-zain dago, Jainkoaren seme-alaben agerkunde beteari itxaroten.
Senideok: Nire iritzian, oraingo neke-lanak ezer gitxi dira gero gugan azalduko dan aintzaren aldean. Izadia bera ere gurari biziz dago, zain-zain, Jainkoak noiz agertuko bere seme-alaba izatea zer dan. Izadiak bere benetako helburua galdua izan arren ez bere gogoz, horretara behartu ebanagaitik baino, badau itxaropena, esklabotzatik eta hondamenetik askatua izan eta Jainkoaren seme-alaben aintzazko askatasunean parte izateko.
Badakigu, jakin ere, izadi osoa erdiminetan intzirika dagoala orain arte. Eta ha ez ezik, geu ere bai: Espiritua lehen-dohai lez hartu dogunok intzirika gagoz geure barruan, Jainkoak noiz askatuko eta bere seme-alaba noiz egingo gaituan zain.
Emon eben alea: batzuek bateko ehun.
Egun haretan, Jesus etxetik urten eta itsasertzean jesarri zan. Eta hainbeste jente batu jakonez inguruan, txalupa batera igon eta bertan jesarri zan. Jente-taldea, barriz, hondartzan egoan. Gauza asko esan eutsen parabolatan berba eginez:
«Behin batean, urten eban ereilea hazia ereitera. Ereitean, ale batzuk bide-bazterrean jausi ziran, eta txoriek etorri eta jan egin ebezan. Beste batzuk harri artean jausi ziran, lur handirik ez zan lekuan, eta azaleko lurra izanik, bat-batean erne ziran; baina eguzkiak jo orduko, erre egin ziran eta, zuztarrik ez ebelako, ihartu.
Beste ale batzuk sasi artean jausi ziran, eta sasiek, haztean, ito egin ebezan haziak. Gainerakoak lur onean jausi ziran, eta frutua emon eben: bateko ehun, hirurogei nahiz hogeita hamar. Belarririk dauanak, entzun begi».