Urtean Zeharreko XIV. Asteko Larunbata
Ezpan zikineko gizona izanik, nire begiek Erregea, diran guztien Jauna, ikusi dabe.
Ozias erregea hil zan urtean, Jauna ikusi neban, tronu altu eta garai batean jesarrita; haren mantu-hegalak tenplua beteten eban. Suzkoak lako izaki batzuk ebazan gainean; seina hegal ebezan: bi hegalez aurpegia estaltzen eben, beste biz gorputza, eta beste biz hegaz egiten eben. Eta honan egiten eutsoen oihu alkarri:
«Santu, santu, santua, Jaun ahalguztiduna!
Lur osoa beteten dau haren aintzak!»
Ahotsaren oihuz tenpluko ate-orpoek dar-dar egin eben, eta tenplua kez bete zan. Nik esan neban:
«Ai ene, galdua naz!
Ezpan kutsatuak ditut-eta
eta ezpan kutsatuak dituan herrian bizi naz.
Errege eta Jaun ahalguztiduna ikusi dot neure begiz!»
Une haretan, suzkoak lako izaki hareetako bat etorri jatan hegaz, altaratik suhatzez harturtako txingarra eskuetan ekarrela, eta txingarragaz ahoa ikutu eustan, esanez:
«Hara, txingar honek ezpanak ikutu deutsuz;
kendu jatzu, bada, gaiztakeria,
parkatu pekatua».
Orduan, Jaunaren ahotsa entzun neban esaten: «Nor bialduko dot? Nor izango dogu mandatari?» Eta nik erantzun: «Prest nozu, bialdu neu».
R/ Errege da Jauna, jantzi da handikiro.
Errege da Jauna, jantzi da handikiro;
jantzi da Jauna, indarra dau gerriko. R/.
Lurbira Berak jarri dau sendo,
eta ez da kolokatuko.
Sendo dago betidanik zure aurkia,
Zu betidanik zara. R/.
Zure autormenak oso sinesgarri dira:
zure etxeari santutasuna dagokio, Jauna,
gizaldien gizaldietan. R/.
Zuek, gauza guztiak itzita, Neugana etorri zareenok, ehun halako jasoko dozue
Aldi haretan, Pedrok esan eutsan Jesusi: Hara, guk dana itzi dogu, Zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?
Jesusek erantzun eutsen: Benetan dinotsuet: Jainkoak mundu hau erabarritzean, Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan jesartean, zuek ere, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan jesarriko zaree, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko. Eta Nigaitik etxea, senideak, aita, ama, seme-alabak eta lurrak izten dituanak, ehun halako hartuko dau eta betiko bizia jasoko ondare lez.
Entzun egiozu zuhurtasunari.
Ene seme, nire esanak onartu
eta nire aginduak gogoan gordeten badozuz,
jakituriari kasu
eta zuhurtasunari jaramon egiten badeutsezu;
adimenari dei
eta zuhurtasunari oihu egiten badeutsazu,
horreek dirua eta altxorrak lez
bilatzen badozuz,
orduan ulertuko dozu Jaunaganako begirunea,
eta Jainkoa ezagutzera helduko zara.
Jauna da-eta jakituria emoten dauana,
Beragandik datoz ezaguerea eta zuhurtasuna.
Berak emoten deutse arrakasta zintzoei
eta babesa jokabide zuzenekoei;
zuzenbidea babesten dau
eta zintzoen jokabidea zaintzen.
Orduan ulertuko dozu
zer dan justizia eta zuzenbidea,
jatortasuna eta jokabide on guztia.
R/ Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna.
Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorapena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu bediz. R/.
Handietsi nigaz batera Jauna,
goratu dagigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana jo neban, eta Harek erantzun,
bildur guztietatik libratu ninduan. R/.
Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
ez jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Errukarri honek dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta estualdi guztietatik salbatu eban. R/.
Kanpaturik dago Jaunaren aingerua
Hari begirunea deutsoenen inguruan,
eta libratzen ditu.
Ahogozatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna:
zorionekoa Haregan babesten dana. R/.
Izan Jaunari begirunea zuek, Hari sagaratuok,
ez jake-eta ezer falta begirunea deutsoenei.
Aberatsek ere ezagutzen dabe beharrizana eta gosea,
Jaunagana joten dabenei ez jake onik falta. R/.
Zuek, gauza guztiak itzita, Neugana etorri zareenok, ehun halako jasoko dozue
Aldi haretan, Pedrok esan eutsan Jesusi: Hara, guk dana itzi dogu, Zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?
Jesusek erantzun eutsen: Benetan dinotsuet: Jainkoak mundu hau erabarritzean, Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan jesartean, zuek ere, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan jesarriko zaree, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko. Eta Nigaitik etxea, senideak, aita, ama, seme-alabak eta lurrak izten dituanak, ehun halako hartuko dau eta betiko bizia jasoko ondare lez.