Ez deutsegu gehiago geure jainko esango geure eskuaz eginei.
Honan berba egiten dau Jaunak:
«Bihurtu zaitez, Israel, Jaunagana, zeure Jainkoagana,
zeure gaiztakeriakaitik jausi zara-eta.
Prestau egizuez berba egokiak eta bihurtu Jaunagana;
esaiozue: "Kendu egiguzu gaiztakeria guztia,
eta hartu onez geure ezpanez egiten deutsugun oparia.
Ez gaitu Asiriak salbauko;
ez dogu ustea guda-zaldietan jarriko,
eta ez deutsegu gehiago `geure jainko´ esango
geure eskuez eginei.
Zugan aurkitzen dau umezurtzak errukia".
Nik osatuko dot hareen desleialkeria
eta bihotz zabalez maitatuko ditut,
urrundua dot-eta hareekandik hasarrea.
Iruntza lez izango naz Israelentzat;
lilia lez loratuko da
eta Libanoko zuhaitzak lako
zuztarrak botako ditu;
kimuak urtengo deutse;
haren ederra olibondoarena lakoa izango da,
eta haren usaina Libanokoa baizen gozoa.
Haren itzalpean biziko dira barriro,
garia lez bizibarrituko dira,
mahastiaren antzera loratuko
eta haren ospea Libanoko ardoarena lakoa.
Efraimek esango dau:
"Zer ardura deuste sasijainkoek hemendik aurrera?"
Nik, Jaunak, erantzuten deutsat
eta haretaz arduratzen naz.
Zipresaren antzeko naz Ni, beti berde:
Nigandik jatortsu frutua.
Jakintsuak ulertu begi hau guztia,
burutsuak jaso begi esangurea.
Bai, zuzenak dira Jaunaren bideak,
eta zintzoak horreetan dabilz;
pekatariak, barriz, jausi egiten dira».
R/ Nire ahoak iragarriko dau, Jauna, zure gorapena.
Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
hondatu nire hobena, zeure neurribako errukiz.
Garbitu nagizu zeharo neure errutik,
garbitu neure pekatutik. R/.
Zuk, ostera, bihotz leiala dozu atsegin,
barru-barruan jakituria deustazu irakasten.
Kendu nire pekatua isipuz, eta garbi geldituko naz,
garbitu nagizu, eta edurra baino zuriago bihurtuko naz. R/.
Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota zeure aurretik,
ez kendu niri zeure arnasa santua. R/.
Poztu nagizu barriro zeure salbamenaz,
sendotu nagizu zeure arnasa oparoaz.
Edegi, Jauna, nire ezpanak,
eta nire ahoak iragarriko dau zure gorapena. R/.