Apostoluen oinarri gainean eregiak zagoze.
Senideok: Ez zaree arrotz, ez atzerritar, Jainkoaren herriko kide baino eta Jainkoaren familiako, apostolu eta profeten oinarri gainean eregiak, Kristo Jesus bera giltzarri dala. Honegan ondo finkaturik, eregin osoa gora doa, tenplu santu bihurtzeraino Jaunagan. Honegan ereginaren parte zaree zuek ere besteekin batera, Espirituagan Jainkoaren bizileku bihurtzeraino.
R/ Zoaze mundu guztira, eta iragarri Barri Ona.
Goratu egizue Jauna, atzerri guztiak,
goretsi egizue, herri guztiak. R/.
Sendotu da-eta gugan bere maitasuna,
eta beti-betiko da Haren leialtasuna. R/.
Ene Jauna eta ene Jainkoa!
Tomas, Hamabietako bat, Bikia eritzona, ez egoan hareekin Jesus etorri zanean. Beste ikasleek esan eutsoen: «Jauna ikusi dogu». Tomasek erantzun eutsen: «Haren eskuetan untze-zuloak ikusten ez baditut, neure atzamarra haren untze-zuloetan eta neure eskua haren saihetsean sartzen ez baditut, ez dot sinestuko».
Handik zortzi egunera, etxean egozan barriro ikasleak, eta Tomas ere hareekin zan. Sartu zan Jesus, ateak itxita egozala, eta erdian jarririk esan eutsen: «Bakea zuei». Gero esan eutsan Tomasi: «Ekarri atzamarra, begira nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihetsean, eta ez izan sinesgogor, sinestedun baino».
Tomasek erantzun eutsan: «Ene Jauna eta ene Jainkoa!» Jesusek esan eutsan: «Ikusi nozulako sinestu al dozu? Zorionekoak ikusi barik sinesten dabenak».