Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XII. Asteko Osteguna

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Joiakin erregea Babiloniara erbesteratu eban Babiloniako erregeak, herriko handikiekin batera.

HAMAZORTZI urte ebazan Joakinek errege izaten hasi zanean, eta hiru hilabetez izan zan errege Jerusalemen. Haren amak Nehuxta eban izena eta Jerusalemgo Elnatanen alabea zan. Jaunari atsegin ez jakona egin eban Joiakinek, gauza guztietan bere aitak lez jokatuz.

Aldi haretan, Nabukodonosor Babiloniako erregearen gudarosteak Jerusalemen kontra etorri eta inguratu egin eban. Gudariak uria inguratzen ebiltzala, Nabukodonosor Babiloniako erregea bera heldu zan urira. Orduan, Joiakin, Judako erregea, Babiloniako erregearen eskuetan jarri zan, bere ama, gortesau, buruzagi eta zerbitzariekin batera, eta Babiloniako erregeak preso hartu ebazan. Nabukodonosorren erregealdiko zortzigarren urtea zan.

Jaunak esan ebanez, Jaunaren etxeko eta errege-jauregiko altxor guztiak eroan ebazan, eta Israelgo errege Salomonek tenpluan egin ebazan urrezko tresna guztiak txikitu. Jerusalem guztia erbestera eroan eban, buruzagi eta handiki guztiak, hamar mila guztira; baita errementari eta sarrailgile guztiak be. Herriko jente apala besterik ez eban itzi. Nabukodonosorrek Babiloniara erbesteratu eban Joiakin erregea, bere ama eta emazte, zerbitzari eta herriko handikiekin batera. Zazpi mila aberats be eroan ebazan, baita mila errementari eta sarrailgile be, danak gudari izateko gai.

Ondoren, Babiloniako erregeak, Joiakinen ordez, haren osaba Matanias jarri eban errege; eta izena aldatu eutson, Sedekias deituz.

Jaunak esana.

R/ Zeure izenaren ederragaitik atara gagizuz, Jauna, gatxetik.

Ene Jainko, jentil-herriak zure ondarean sartu dira,

zure tenplu santua profanatu dabe,

Jerusalem hondakin-piloa bihurtu.

Zure zerbitzarien gorpuak

zeruko hegaztiei emon deutseez janari,

zure fededunen haragia lurreko piztiei. R/.

Ura lez isuri dabe hareen odola Jerusalem inguruan,

eta ez egoan inor lur emoteko.

Auzoko herrien isekagai bihurtu gara,

ingurukoen irain eta burla.

Noiz arte, Jauna? Betiko al zagoz hasarre?

Noiz arte zure maitasun mindua,

sua lez, gure aurka biztua? R/.

Ez leporatu guri aurrekoen erruak!

Betorkigu laster zure errukia,

lur jota gagoz-eta guztiz.

Lagundu egiguzu, gure Jainko salbatzaile horrek,

zeure izenari ohore eginez;

libratu gagizuz eta parkatu gure pekatuak

zeure izenaren ohoreagaitik. R/.

Harkaitz gainean eregitako etxea, eta hondar gainean eregitakoa.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez da nahiko Niri "Jauna, Jauna" esatea zeruetako erreinuan sartzeko; hauxe da beharrezkoa: zeruan dagoan nire Aitaren nahia egitea. Epai-egunean askok esango deuste: "Jauna, Jauna, ez al genduan zure izenean berba egin eta zure izenean deabruak bota eta zure izenean mirari asko egin?" Baina nik erantzungo deutset: "Ez zaituet inoiz ezagutu; alde Nigandik, gaizkileok!"

Beraz, nire berba honeek entzuten eta beteten dituana bere etxea harkaitz gainean eregi eban gizon zentzudunaren antzekoa da. Egin eban euria, etorri ziran uholdeak, jo eban haizeak eta eraso eutsoen etxe hari; baina ez zan jausi, harkaitz gainean oinarrituta egoan-eta.

Nire berba honeek entzun bai, baina beteten ez dituana, bere etxea hondar gainean eregi eban gizon buru bakoaren antzekoa da. Egin eban euria, etorri ziran uholdeak, jo eban haizeak eta eraso eutsoen etxe hari; eta jausi egin zan eta guztiz hondatuta gelditu».

Jesusek berbaldi hau amaitu ebanean, jentetza harriturik egoan haren irakaspenaz, nagusitasunez irakasten eutsen-eta eta ez lege-maisuek lez.