Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XI. Asteko Larunbata

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Zakarias, jauretxe eta altara bitartean hil zenduena.

Joiada abadea hil zanean, Judako buruzagiak Joax erregeari agur egitera etorri ziran, eta erregeak jaramon egin eutsen hareen aholkuei. Jaunaren, euren asaben Jainkoaren, tenplua itzi eta idoloei kultua emoten hasi ziran. Halako pekatuak Jainkoaren hasarrea biztu eban Judaren eta Jerusalemen kontra. Profetak bialdu eutsezan, Beragana bihurtuazoteko. Profetek oharpenak egin eutsezan, baina ez eutsen jaramonik egin.

Zakarias, Joiada abadearen semea, Jainkoaren espirituak harturik, herriagana aurkeztu zan eta esan eutsan: “Hau dino Jainkoak: "Zergaitik hausten dozuez Jaunaren aginduak? Txarto amaitu behar dozue. Jauna baztertu dozuelako, Jaunak ere baztertu egiten zaitue"”.

Zakariasen kontra jaso ziran eta, erregearen aginduz, harrika egin eutsoen Jaunaren etxeko atartean. Joas erregeak, Zakariasen aita Joiadak berari agertu eutsan leialtasunaz ahazturik, haren semea hilazo eban. Zakariasek, hilzorian egoala, esan eban: “Ikusi begi hau Jaunak eta eskatu beitsuz kontuak”.

Hurrengo urtean, Siriako gudarosteak eraso egin eutsan Joas erregeari. Judara eta Jerusalemera sarturik, herriko buruzagiak hil ebezan eta harrapakin guztiak Damaskoko erregeari bialdu.

Siriako gudarosteak ez eukan gizon askorik, baina Jaunak emon eutsen eskura juduen gudaroste handiagoa, herriak Jauna, asaben Jainkoa, baztertu ebalako, hain zuzen. Holan, bere merezia emon eutsoen Joaxi. Siriarrek alde egin ebenean, larri zaurituta itzi eben erregea. Orduan, ministrariak kontra jaso jakozan eta, Joiada abadearen semearen heriotzea mendekatzeko, bere ohean hil eben. Joaxi Daviden Urian emon eutsoen lur, baina ez erregeen hilobian.

R/ Beti gordeko deutsat neure maitasuna.

Ituna egin dot neure hautatuagaz,

David neure morroiari zin eginez:

«Sendo ezarriko dot betiko zure errege-jatorria,

Gizaldiz gizaldi eregiko zure errege-aurkia». R/.

Beti gordeko deutsat neure maitasuna,

sendo eutsiko Haregaz dodan itunari.

Betiko ezarriko dot haren errege-jatorria,

zerua baizen iraunkor egingo haren errege-aurkia. R/.

Haren semeek nire legea baztertzen badabe

eta nire zuzenbideari jarraitzen ez,

nire arauak urratzen badabez

eta nire aginduak gordeten ez. R/.

Makilaz zigortuko dot hareen hobena,

zartailuz hareen errua.

Baina ez deutsat ukatuko Davidi neure maitasuna,

ez deutso huts egingo nire leialtasunak. R/.

Ez zaiteze kezkatu biharko egunaz.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen bere ikasleei: Ezin da inor nagusi biren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango dau eta bestea maite, edota bati leial izango jako eta bestea ez dau aintzat hartuko. Ezin zaree Jainkoaren eta diruaren morroi izan.

Horregaitik dinotsuet: Ez kezkatu biziteko zer jango edo gorputza zerez jantziko. Ez ete da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? Begira zeruko hegaztiei: ez dabe ereiten, ez uztarik batzen, ez garautegietan pilatzen; halan ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez al dozue zuek hareek baino askoz gehiago balio?

Asko kezkatuta ere, zuetako nork luzatu leike apurtxo bat bizitza? Eta jantziaz, zergaitik kezkatu? Begiratu zelan hazten diran lorak zelaietan: ez dira lanean nekatzen, ez dabe goruetan egiten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zan jazten horreetako bat baizen apain.

Beraz, gaur bedartzan dagoan eta bihar sutan erreko dan bedarra Jainkoak holan jazten badau, zenbatez gehiago zuek, sinesmen gitxikook? Ez kezkatu, bada, zer jango, zer edango, zer jantziko dozuen pentsatuz. Jentilak arduratu ohi dira guzti horreetaz. Zeruko zuen Aitak badaki guzti horreen beharrizana dozuela. Bilatu lehenengo Jainkoaren erreinua eta beronen zuzentasuna, eta beste guzti hori gehigarritzat emongo deutsue Jainkoak.

Ez kezkatu, bada, biharko egunaz, biharko egunak ere ekarriko dau-eta bere kezkea. Nahiko ditu egun bakoitzak bere buruhausteak.