Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XI. Asteko Osteguna

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Elias suzko zurrunbiloan eroana izan zanean, haren espirituaz bete zan Eliseo.

Elias sortu zan, sua lako profetea:

haren berbak zuziak lez erreten eban.

Gosetea ekarri eban israeldarren gain,

eta asko murriztu eban herria bere jainkozaletasun sutsuaz.

Jaunaren aginduz euria egitea galazo eban,

eta hiru bider zerutik sua jatsiazo ere bai.

Zein ospetsu izan zinan, Elias, zeure mirariakaitik!

Nor harrotuko da zu adinakoa dalakoan?

Zuk ekarri zenduan hildako bat bizitzara,

Goi-goikoaren berbaz Hildakoen Egoitzatik atarata;

zuk erregeen hondamendia ekarri

eta handikiak agintetik bota zenduzan;

zuri Jaunak agiraka egin eutsun Sinai mendian,

eta zigortzeko bere erabagiak azaldu;

zuk erregeak igurtzi zenduzan,

sinesbakoen aurka mendekatzeko,

eta profetak igurtzi zenduzan zure ondorengoak izateko.

Suzko zurrunbiloan eroan zinduezan

suzko zaldiek eroien gurdian.

Idatzirik dago ezarritako sasoian etortekoa zarala

Jaunaren sumina, lehertu baino lehen, baretzera:

gurasoak eta seme-alabak alkarregaz baketuazoteko

eta Jakoben leinuak indarbarritzeko.

Zorionekoak ikusi zinduezanak

eta maitasunean lokarturik dagozanak;

gu ere biziko gara, bai.

Elias zurrunbiloan desagertu zanean,

haren espirituaz bete zan Eliseo.

Bere bizitzan zehar ez eben buruzagiek ikaratu,

inork ere ez menpean hartu.

Ezer ez ezinezko harentzat,

heriotzako loaldian ere profetagintzan jardun eban.

Bizi zala, mirariak egin ebazan;

hil ondoren ere, harrigarriak izan ziran haren egintzak.

R/ Poztu zaiteze, zintzoak, Jaunagan.

Errege da Jauna! Alaitu bedi lurra,

poztu bediz uharte ugariak!

Laino eta hodei baltzak ditu inguruan,

justizia eta zuzenbidea tronuaren oinarri. R/.

Sua joako aurretik,

inguruko arerioak kiskalduz.

Haren tximistek argitzen dabe mundua:

ikustean, dar-dar egiten dau lurrak. R/.

Mendiak argizaria lez urtzen dira Jaunaren aurrean,

lur osoaren Jabearen aurrean.

Zeruek haren salbamen-ekintza iragarten dabe,

herri guztiek haren ospea ikusten. R/.

Zuek honan egingo dozue otoitz.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:

«Otoitz egitean, ez jardun esan eta esan, jentilak lez, uste dabe-eta euren berba-jarioari esker entzungo jakela. Ez izan hareen antzeko, badaki-eta zuen Aitak zer behar dozuen, zuek eske hasi baino lehen. Beraz, zuek honan egingo dozue otoitz:

"Gure Aita, zeruetan zarana:

santu izan bedi zure izena,

etor bedi zure erreinua,

egin bedi zure nahia,

zeruan bezala lurrean ere.

Emoiguzu gaur egun honetako ogia;

parkatu gure zorrak,

geuk ere geure zordunei

parkatzen deutsegun ezkero,

eta ez gu tentaldira eroan,

baina atara gagizuz gaitzetik".

Izan ere, zuek besteei euren hutsegiteak parkatzen badeutsezuez zuei ere parkatuko deutsue zeruko zeuen Aitak; baina besteei parkatzen ez badeutsezue, zuei ere ez deutsuez parkatuko Aitak zeuen hutsegiteak».