Suzko gurdi batek banandu egin ebazan bata besteagandik, eta Eliasek zerura igon eban.
J AUNAK haize-zurrunbiloan eroan eban Elias zerura. Hona zelan jazo zan. Elias eta Eliseo Gilgaldik abiatu ziran, eta, Jerikora heldu ziranean, Eliasek esan eutson Eliseori: «Gelditu hemen; Jaunak Jordan ibaira bialtzen nau ni». Baina Eliseok erantzun: «Ala Jainkoa, eta ala zu! Ez zaitut bakarrik itziko». Eta alkarregaz joan ziran biak. Profeta-taldeko berrogeta hamar lagun be joan ziran eta urruntxuago gelditu ziran Jordanen aurrez aurre; Elias eta Eliseo, barriz, Jordan bazterrean gelditu ziran.
Orduan, Eliasek bere soingainekoa hartu, batu eta ura jo eban haregaz: urak alde bietara baztertu ziran, eta biak lehorretik igaro ziran. Bestaldera heldu ziranean, Eliasek esan eutson Eliseori: «Esaidazu zer nahi dozun nik zure alde egitea, Jaunak zure ondotik eroan nagian baino lehen». Eliseok erantzun eutson: «Pasatu dadila nigana zure profeta-espirituaren hirutik bi». Eliasek barriro: «Gauza zaila eskatzen dozu. Halan be, Jaunak zure ondotik eroango nauanean ikusten banozu, izango dozu; bestela, ez».
Biak bidean aurrera berbetan joiazala, suzko zaldiek eroien suzko gurdi batek banandu egin ebazan bata besteagandik, eta Eliasek zerura igon eban haize-zurrunbiloan. Eliseok ikusten eban eta oihu egiten: «Ene aita, ene aita, Israelen zaintzaile indartsua!» Gero, ez eban gehiago ikusi.
Orduan, Eliseok bere jantziak hartu eta zati bi egin ebazan. Gero, Eliasi soinetik jausi jakon soingainekoa jaso, Jordanera bihurtu eta ibai ondoan gelditu zan. Ondoren, Eliasi jausitako soingainekoa hartu eta urak jo ebazan haregaz, esanez: «Non da orain Jauna, Eliasen Jainkoa?» Jo ebazan urak, eta alde bietara baztertu ziran, eta bera bestaldera igaro zan.
Jaunak esana.
R/ Bizkortu zaiteze, izan bihotz, Jaunagan uste on dozuen guztiok.
Bai handi, Jauna, zure ontasuna
bildur deutsuenei gorde deutsezuna;
Zugana batzen diranei
gizakien aurrean agertzen deutsezuna. R/.
Zure aurpegiaren kerizpean babesten dozuz
gizakien asmo maltzurretik;
zure txabolan gordeten dozuz
mihin gaiztotik.
Bedeinkatua Jauna, harrigarrizko maitasuna
uri sendoan agertu deustana. R/.
Nik ostera, esan neban neure ikaran:
«Erauzia nozu zeure aurretik.»
Baina, Zuk, deika niharduala,
entzun zenduan nire otoitz-oihua. R/.
Maitatu egizue Jauna, Haren zintzo guztiek:
Jaunak zaintzen ditu leial diranak;
baina, ordain gogorra emoten deutse
harro dabilzanei. R/.
Ezkutuan ikusten dauan zure Aitak emongo deutsu saria.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen bere ikasleei: Begira, gero: ez egin zeuen egintza onak jentaurrean, ikusi zagiezan! Bestela, ez dozue zeruetan dagoan Aitaren saririk izango.
Limosnea emotean, beraz, ez ibili aurretik turuta joten, itxurazaleak sinagogetan eta kaleetan ibilten diran lez, jenteak txalotu dagizan. Egia esan, horreek jaso dabe euren saria. Zuk limosnea emotean, ostera, ez begi jakin zure ezkerrak zer egiten dauan eskumeak; holan, zure limosnea ezkutuan geldituko da; eta ezkutuan ere ikusten dauan zure Aitak emongo deutsu ordaina.
Otoitz egitean, ez egin itxurazaleek lez; horreek sinagogetan eta plaza-ertzetan zutunik otoitz egitea maite dabe-eta, jenteak ikusi dagizan. Egia esan, horreek jaso dabe euren saria. Zu, ostera, otoitz egitean, sartu zaitez zeure gelan, itxi atea eta egiozu otoitz ezkutuan dagoan zeure Aitari; eta ezkutuan ere ikusten dauan zure Aitak emongo deutsu ordaina.
Barau egitean, ez agertu kopetilun, itxurazaleak lez, aurpegia itsusitu egiten dabe-eta, barau egiten dabela jenteari agertzeko. Egia esan, horreek jaso dabe euren saria. Zuk, ostera, barau egitean, igurtzi zeure burua usain gozoz eta garbitu aurpegia, jenteak ez, ezkutuan dagoan zure Aitak baino ikusi dagian zure baraua; eta ezkutuan ere ikusten dauan zure Aitak emongo deutsu ordaina.