Nabot harrikatu egin eben hil arte.
S ASOI haretan, baeban Nabot izreeldarrak mahasti bat Izreelen, Samariako errege Akaben jauregi ondoan. Honan berba egin eutson Akabek Naboti: «Emoidazu zeure mahastia, neuretzat baratzea egiteko, nire etxearen ondo-ondoan dago-eta; ordainetan mahasti hobea emongo deutsut; edota, nahiago badozu, dirutan ordainduko deutsut». Nabotek erantzun eutson Akabi: «Ez deidala Jaunak itzi asabengandiko ondarea zuri emoten».
Triste eta hasarre joan zan Akab etxera, Nabot izreeldarrak bere asabengandiko ondarea ez eutsola emongo erantzun eutsolako. Ohean etzun zan, aurpegia horma aldera bihurturik, eta ez eban jan nahi izan.
Jezabel emaztea etorri jakon, esanez: «Zer dozu triste egoteko? Zergaitik ez dozu jan nahi?» Erregeak erantzun eutson: «Nabot izreeldarrari esan deutsat bere mahastia diru-ordain niri saltzeko edo, nahiago baeban, beste mahasti bat emongo neutsala berearen ordez. Baina ez deustala itziko erantzun deust». Orduan, Jezabel emazteak esan eutson: «Ez ete zara, bada, zu Israelgo erregea? Jagi zaitez, jan eta poztu barru hori. Neuk emongo deutsut Izreelgo Naboten mahastia».
Jezabelek gutunak idatzi ebazan Akaben izenean, erregearen zigiluz jo eta Naboten uri berean bizi ziran herri-arduradunei eta handikiei bialdu eutsezan. Gutunek hau inoen: «Iragarri egizue baraualdia eta jesarriazo Nabot herriko batzarraren aurrean; ipini gizon gaizto bi Naboten aurrean eta salatu dagiela testigantza hau eginez: “Jainkoa eta erregea madarikatu dozuz”. Gero, atara egizue Nabot eta emoiozue harrika hil arte».
R/ Egin jaramon, Jauna, nire aieneari.
V/.
Entzun, Jauna, nire hitzok,
egin jaramon nire aieneari.
Zagoz adi nire deadarrera,
ene Errege, ene Jainko,
Zuri nabil-eta otoitzean. R/.
V/.
Ez zara Zu gaiztakeria gogoko dauan Jainkoa,
ez deutsazu Zuk gaiztoari harrerarik egiten,
harroek ezin iraun dabe zure begien aurrean. R/.
V/.
Gaizkile guztiak dozuz gorrotatzen,
guzur-ontziak hondatzen.
Hiltzaile eta maltzurrak
higuingarri jatzuz, Jauna. R/.
Nik hau dinotsuet: ez egin gogor gaitz egiten deutsuenari.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: Entzun dozue antzinakoei agindua: "Begia begiaren ordain, agina aginaren ordain". Nik, ostera, hau dinotsuet: Gaizkileari ez erantzun txarto; bestela baino, eskumako matrailan joten zaituanari eskeini beste matrailea ere; soinekoa kentzeko auzitara eroan gura zaituanari emon soingainekoa ere; norbaitek mila pauso egitera behartzen bazaitu, egin bi mila beragaz. Eskatzen deutsunari emon, eta dirua izteko eskatzen deutsunari ez ukatu.