Abade-erreinu izango zaituet eta Neuri sagaratutako herri.
EGUN hareetan, israeldarrek Sinai basamortura heldu eta han ipini eben
kanpalekua, mendiaren aurrez aurre.
Jainkoagana igon eban Moisesek. Jaunak menditik dei egin eta esan
eutson: «Hitz egin Jakoben ondorengoei, israeldarrei, eta adierazo hau:
“Ikusi dozue zer egin deutsedan egiptoarrei, eta zuek zelan eroan zaituedan
arrano-hegoetan eta Neugana ekarri. Orain, beraz, nire esana betetzen
badozue eta nire ituna gordetzen, zeuok izango zaituet herri guztien artean
neure jaubetza berezia, nirea da-eta lur osoa; abade-erreinu izango zaituet
eta Neuri sagaratutako herri”».
Jaunak esana.
R/ Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari.
edo Aleluia.
Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
Jaunari zerbitzu alai egiozue,
Haren aurrera pozez oihuka sartu zaiteze. R/.
Jakizue Jauna dala Jainko,
Berak egin gaitu, Berarenak gara,
Bere herri eta larreko artalde. R/.
«Onbera da-eta Jauna,
Haren maitasuna betidaino,
Haren leialtasuna gizaldien gizaldietaraino. R/.
SENIDEOK:
Oraindino pekatupean indar barik gengozala, Kristo,
Jainkoak erabagitako sasoian, gaiztoen alde hil zan. Nekez onartuko
leuke norbaitek pertsona zuzen baten alde hiltzea; halan be, pertsona on
baten alde badaiteke norbait hiltzeko prest egotea.
Baina Kristo, ondino gu pekatari ginala, hil zan gure alde; honan
erakusten dau Jainkoak guri deuskun maitasuna.
Orain Jainkoak Kristoren odolaz zintzotzat hartu gaituala, zenbatez
gehiago ez ete gaitu salbatuko zigorretik beraren bitartez!
Arerio ginala, Jainkoak beragaz adiskidetu baginduzan bere Semearen
heriotzari esker, zenbatez gehiago, behin adiskidetu ezkero, ez ete gaitu
salbatuko haren biziari esker! Askoz gehiago, harrotu be egiten gara
Jainkoaz Jesu Kristo gure Jaunari esker, honen bitartez Jainkoagaz
adiskidetzea lortu dogu-eta dagoeneko.
Jaunak esana.
R/. Aleluia. V/. Hurrean da Jainkoaren erregetza, dino Jaunak: bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona. R/.
Jesusek bere hamabi ikasleei dei egin eta bialdu egin ebazan.
Aldi haretan, Jesus herriz herri eta auzorik auzo ibili zan, sinagogetan irakasten. Jainkoaren erreinuaren Barriona iragarten eban eta gaitz eta gaixo guztiak osatzen. Gizataldeak ikustean, errukitu egin jaken, nekaturik eta lur jota egozan-eta, artzain bako ardiak lez.
Orduan, ikasleei esan eutsen: Uzta ugaria da, baina langileak gitxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari bialdu dagizala langileak bere uztara.
Jesusek, hamabi ikasleei dei eginik, ahalmena emon eutsen espiritu txarrak botateko eta gaitz eta gaixo guztiak osatzeko.
Hona hemen hamabi apostoluen izenak: lehenengo Simon, Pedro deritzona, eta honen anaia Andres; Santiago Zebedeorena eta honen anaia Joan; Felipe eta Bartolome, Tomas eta Mateo zergalaria, Santiago Alfeorena eta Tadeo, Simon Zelote eta Judas Iskariote, Jesus saldu ebana.
Hamabi horreek bialdu ebazan Jesusek, ohar honeek eginez: Ez joan jentilen lurraldeetara, ez sartu Samaria herrialdean ere. Joan, ostera Israel herriko ardi galduetara. Bidean zoazela, iragarri hurrean dala zeruetako erreinua. Osatu egizuez gaixoak, biztu hildakoak, garbitu legendunak, bota deabruak. Hutsean hartu dozue, emon hutsean.