Bizkortu egizu, nire esku ezartzeaz zeugan dozun Jainkoaren grazia.
Nik, Paulok, Jainkoak halan nahirik, Kristo Jesusen bidez agindu jakun bizia iragarteko Jesu Kristoren apostolu nazan honek, zuri, nire seme maite Timoteori: grazia, errukia eta bakea Jainko Aitagandik eta Kristo Jesus gure Jaunagandik.
Eskerrak emoten deutsadaz, nire asabek lez bihotz garbiz zerbitzen dodan Jainkoari, eta gogoan zaitut eten barik, gau eta egun, neure otoitzetan.
Gomendatzen deutsut indarbarritu dagizula nik eskuak ezartean Jainkoak emon eutsun dohaia, Jainkoak ez deusku-eta bildurti egiten gaituan espiritua emon, indarra eta maitasuna emoten eta geure buruaren jabe egiten gaituan espiritua baino. Ez izan, bada, gure Jauna autortzeko lotsarik, ezta lotsatu ere Haregaitik kartzelan dagoan honetaz; bestela baino, Jainkoaren indarraz fidaturik, eroan egizuz nekeak nigaz batean Barrionaren alde. Berak salbatu ginduzan eta dei egin euskun biziera santura, ez gure egiteakaitik, bere erabagiagaitik baino eta gizaldi guztiak baino lehen Kristo Jesusegan emon euskun graziagaitik.
Grazia hau orain agertu da, Kristo Jesus gure salbatzailea munduan azaldu danean; Honek heriotzea ezereztu dau eta bizia eta hilezkortasuna argitara atara, Barrionaren bidez. Barrion horren predikari, apostolu eta irakasle egin nau Jainkoak. Hori da nire sufrimentuen arrazoia; baina ez naz lotsatzen, badakit-eta norengan jarri dodan uste ona eta ziur nago badauala Harek indarrik nire esku itzi dauan fede-gordailua azken egunera arte zaintzeko.
R/ Zugana jasotzen ditut, Jauna, begiak.
V/.
Zugana jasotzen ditut begiak,
zeruan errege zaran horrengana. R/.
V/.
Zelan morroien begiak nagusien eskuetara
eta neskamearen begiak etxekoandrearen eskuetara,
halan dagoz gure begiak Jaunagana,
gure Jainkoagana,
gutaz errukitu dadin arte. R/.
Ez da hilen Jainko, biziena baino.
Aldi haretan, saduzear batzuk etorri jakozan Jesusi (saduzearrek ez dabe onartzen hildakoak biztuten diranik). Eta itaundu eutsoen: Maisu, Moisesek idatzi euskun: "Norbaiti anaia hilten bajako emaztea seme-alaba barik itziz, ezkondu bedi alargunagaz, anaiari ondorengoa emoteko".
Behin batean, baziran zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alaba barik hil zan. Bigarrena alargunagaz ezkondu zan, eta seme-alaba barik hil zan; bardin hirugarrena ere. Holan, zazpirak ondorengo barik hil ziran. Azkenik, hil zan emakumea ere. Biztuerakoan, hildakoak biztuko ei diranean, zeinen emazte izango da, zazpiek izan eben-eta emazte?
Jesusek erantzun eutsen: Ez ete zabilze oker, eta oker, hain zuzen, Liburu Santuek dinoena eta Jainkoaren ahalmena ezagutzen ez dozuezalako? Izan ere, hildakoak biztutean, ez da inor ezkonduko; zeruko aingeruak lakoak izango dira danak. Gainera, hildakoen biztueraz, ez al dozue irakurri Moisesen liburuan, sutan egoan sasiaren pasartean, Jainkoak berak zelan esaten deutsan: "Ni Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa naz"? Ez da hilen Jainkoa, biziena baino. Oker zagoze oso.