Zuei egingo jatzuen graziaz berba egin eben Profetek; izan neurritsu, beraz, eta egon dohainaren zain.
Senide maiteok: Profetek, Jainkoak zuentzat prestaturiko dohaiaz berba egin ebenean, salbamena eben gogoan eta berau aztertzen ahalegindu ziran. Eurekin eben Kristoren Espirituak aldez aurretik adierazo eutsezan Mesiasen sufrimentuak eta ondorengo aintza, eta eurek hori guztia noiz eta zelan jazoko zan aztertu eben. Jainkoak agertu eutsen, egiten eben profezia lana ez ebela eurentzat egiten, zuentzat baino. Eta hareek adierazotakoa, zerutik bialdutako Espiritu Santuaren eraginez Barriona agertzen deutsuenek iragarten deutsuee orain. Aingeruek eurek ere gauza horreek ikusteko gogo handiz dagoz.
Horregaitik, prestatu zeuen gogoa zerbitzurako eta izan neurritsu. Jarri egizue zeuen itxaropen osoa Jesu Kristoren agerpenak ekarriko deutsuen dohainean. Esaneko seme-alabei jagokenez, ez jarraitu ezjakinean bizi zineen sasoiko grina txarrei. Bestetara, dei egin deutsuen Jainkoa santua dan lez, izan zeuek ere santu zeuen jokabide guztietan, honan dino-eta Liburu Santuak: Izan santu, Ni santua naz-eta.
R/ Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak.
V/.
Kanta Jaunari kantu barria,
egintza harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena emon deutsa bere eskumak,
bere beso santuak. R/.
V/.
Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
bere salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez da ahaztu bere maitasunaz,
Israel herriari deutsan leialtasunaz. R/.
Ehun halako artuko dozue orain mundu honetan, erasoaldiekin; beste munduan, barriz, betiko bizia.
Aldi haretan, Pedrok esan eutsan Jesusi: Hara, guk dana itzi dogu, Zuri jarraitzeko.
Jesusek erantzun: Benetan dinotsuet: Nigaitik eta Barrionagaitik etxea, senideak, ama, aita, seme-alabak eta lurrak izten dituanak, orain, mundu honetan, ehun halako hartuko dau: etxe, senide, ama, seme-alaba eta lur, erasoaldiekin batera; eta gero, datorren munduan, betiko bizia. Orain lehenengo diran asko azkenengo izango dira, eta orain azkenengo diranak lehenengo.