Eztabaidak, hila dan eta Paulok bizi dala dinoan Jesusi buruzkoak ebezan.
Egun hareetan, Agripa erregea eta Berenize etorri ziran Zesareara, Festo agurtzera. Eta egun asko egin ebezanez han, Festok Pauloren auziaren barri emon eutsan erregeari, esanez: «Bada hemen Felixek preso itzi eban gizon bat. Jerusalemen nengoala, juduen abadeburu eta zaharrak etorri jatazan, haren aurka zigor-epai eske. Nik erantzun neutsen erromatarren artean ez dala ohitura inor errudun jotea, lehenengo haren salatzaileekin aurrez aurre berba egin barik, eta leporatzen jakonari buruz defendatzeko aukerea emon barik.
Beraz, nigaz etorri ziran Zesareara, eta, biharamunean, ezelango luzapen barik, auzi-mahaian jesarri nintzan eta gizon ha ekarteko agindu neban. Baina salatzaileak aurkeztu ziranean, ez eutsoen nik uste neban salaketarik batere egin. Euren erlejinoari buruzko gorabeherak baino ez ebezan, eta hila dan eta Paulok bizi dala inoan Jesus dalako bati buruzkoak.
Nik ez nekianez auzi hori nondik nora eroan, Jerusalemera joan nahi al eban itaundu neutsan, han epaitu egien. Baina Paulok gora jo eban, auzia enperadore jaunak erabagi egiala eskatuz; beraz, kartzelan eukiteko agindu neban, enperadoreagana bialdu arte».
R/ Jaunak zeruan ezarri dau bere aurkia.
Ene arima, goratu egizu Jauna,
neure barru osoak Haren izen deuna.
Ene arima, goratu egizu Jauna,
eta ez ahaztu Harek zuri egina. R/.
Zerua lurretik goi dagoan adinean,
goi da Haren maitasuna bildur deutsoenen gainean;
sortalde-sartaldeak urrun dagoz-eta alkarrengandik,
hain urrun bialtzen ditu gure gaiztakeriak gugandik. R/
Jaunak zeruan ezarri dau bere aurkia,
Haren erregetzak menderatzen dau izadi guztia.
Goratu egizue Jauna, Haren aingeruok,
indarrez azkar, Haren esanen egile zareenok. R/.
Janaritu egizuz nire bildotsak, zaindu egizuz nire ardiak.
Jesusek, ikasleei agertu eta gosaldu ondoren, esan eutsan Pedrori: «Simon, Joanen semea, honeek baino maiteago al nozu?» Harek erantzun: «Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana». Jesusek, orduan: «Janaritu egizuz nire bildotsak».
Bigarrenez itaundu eutsan Jesusek: «Simon, Joanen semea, maite al nozu?» Harek erantzun: «Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana». Jesusek, orduan: «Zaindu egizuz nire ardiak».
Hirugarrenez itaundu eutsan Jesusek: «Simon, Joanen semea, maite al nozu?» Pedro tristetu egin zan maite al eban hirugarrenez itaundu eutsalako, eta erantzun eutsan: «Jauna, Zuk dana dakizu; Zuk badakizu maite zaitudana». Orduan, Jesusek esan eutsan: «Janaritu egizuz nire ardiak. Bene-benetan dinotsut: Gazteago zinanean, zeuk lotzen zenduan gerrikoa eta gura zenduan tokira joaten zinan; zahartzean, ostera, zuk besoak luzatu eta beste batek lotuko deutsu gerrikoa eta gura izango ez dozun tokira eroango zaitu».
Holan, zelako heriotzaz Jainkoari aintza emongo eutsan adierazo eban Jesusek. Ondoren, esan eutsan: «Jarraitu Niri».