Erroman gelditu zan, Jainkoaren erreinua iragarten.
Erroman sartu ginanean, Paulori bere etxean bizitzeko baimena emon eutsoen, gudari bat zaintzaile ebala.
Handik hiru egunera, Paulok juduen buruzagiei dei egin eta, batu ziranean, honan berba egin eutsen: «Anaiok, ni, herriaren aurka edo geure asaben usadioen aurka ezertxo ere egin barik, preso egin eta erromatarren eskuetan itzi ninduen Jerusalemen. Hareek, itaunketa egin ondoren, askatu egin gura izan ninduen, ez eusten-eta heriotzea merezidu ebanik ezer aurkitu.
Baina juduek aurka urten ebelako, enperadoreagana jo behar izan neban; neure herria ezertan salatzeko asmo barik, ostera. Horregaitik ikusi nahi izan zaituet eta zuekin berba egin; izan ere, Israelen itxaropenagaitik naukee lotuta kate honeek».
Paulo urte bi bizi izan zan han bere kontura, eta ikustera etorkozan guztiak hartzen ebazan etxean. Jainkoaren erreinua iragarten eban eta Jesu Kristo Jaunari jagokona irakasten ausardiz, ezelango eragozpen barik.
R/ Zure aurpegia zintzoek ikusiko dabe, Jauna.
edo Aleluia.
Jauna bere etxe santuan; Jaunak zeruak jarleku:
begiak argi ditu, gizakiak betazalez ikertzen ditu.
Jaunak ikertzen zintzoa eta gaiztoa,
Haren bihotzak indarkeriazaleentzat gorrotoa. R/.
Gaiztoen gainera txingarrak, infernu-harria euri,
sargori-haizea izango dabe edontziko edari.
Zuzena da-eta Jauna, zuzentasuna dau maite,
Haren aurpegia zintzoek ikusiko dabe. R/.
Ikasle honek idatzi ditu jazoera honeek, eta honen autormena egiazkoa da.
Aldi haretan, Pedrok bihurtu eta Jesusek maite eban ikaslea ondoren etorrela ikusi eban afaltzekoan, Jesusen bular gainean jarririk, «Jauna, nor da salduko zaituana?» itaundu eutsana. Ha ikusi ebanean, bada, Pedrok itaundu eutsan Jesusi: «Jauna, eta hori zer?» Jesusek erantzun eutsan: «Ni bihurtu arte hori gelditzea gura baldin badot, zuri zer? Zuk jarraitu Niri».
Berba honeek zirala-eta, ikasle ha hilgo ez zalako zurrumurrua sortu zan senideen artean. Jesusek, ostera, ez eutsan esan ez zala hilgo, beste hau baino: «Ni bihurtu arte hori gelditzea gura baldin badot, zuri zer?»
Ikasle haxe da gauza guzti honei buruz testigantzea egiten dauana eta idatzi dituana, eta badakigu egiazkoa dala haren testigantzea.
Beste gauza asko ere egin zituan Jesusek. Guztiak banan-banan batuko balira, nik uste, mundu osoan ere ez litzatekezala sartuko idatzi leitekezan liburuak.