Erroman ere nire testigu izan behar dozu.
Egun hareetan, erromatar gudalburuak, juduek Paulo zergaitik salatzen eben garbi jakin nahirik, ha askatu eta abadeburuak eta Batzar Nagusi osoa batzeko agindu eban; ondoren, Paulo ekarri eta hareen aurrean jarri eban.
Paulok, baekian-eta batzuk fariseuak zirala eta besteak saduzearrak, honan esan eban ozen Batzarraren erdian: «Anaiok, ni fariseua naz, fariseuen semea, eta hildakoen biztuerea itxaron dodalako nauke auzitan».
Hau esan ebanean, eztabaidea sortu zan fariseuen eta saduzearren artean, eta Batzarra bitan banatu zan. (Izan ere, saduzearrek ez dabe onartzen biztuerarik, ez aingerurik, ez espiriturik; fariseuek, ostera, bai). Izugarrizko nahastea sortu zan. Fariseuen alderdiko lege-maisu batzuek jagi eta gogor esan eben: «Ez dogu okerrik aurkitzen gizon honegan. Eta espiritu edo aingeruren batek berba egin badeutso, zer?»
Eztabaidea gogortzen joian, eta gudalburuak, Paulo txikituko eben bildurrez, gudari-taldeari jaisteko agindu eutsan, handik atara eta koartelera eroan egien.
Hurrengo gauean, Jauna agertu jakon Paulori eta esan eutsan: «Izan adore! Jerusalemen nire testigu izan zaran lez, halaxe behar dozu izan Erroman ere».
R/ Zeu zara, Jauna, nire ondarea.
Gorde nagizu, Jainko,
Zugan naz-eta babesten.
Honan dinotsot Jaunari:
«Zeu zaitut neure Jauna
Zeu zaitut neure ondarea, neure kopea,
zure esku dago nire zoria.
Bedeinkatzen dot Jauna, aholkua deust-eta emoten,
gauez ere Berak dau nire barrua hezten.
Begi aurrean dot Jauna eten barik;
Bera eskuman dodala, ez naiteke dardaratu.
Horregaitik, alai dot bihotza, pozik erraiak,
atsedenean nasai gorputza.
Ez dozu-eta nire bizia Heriotz-leizera jaurtiko,
ezta zeure fededuna ere hilobian galtzen itziko.
Bizirako bidea erakutsiko deustazu:
alaitasunez beteko nozu zeure aurrean,
zorionez betiko zeure ondoan.
Egizu guztiak bat izan daitezala.
Aldi haretan, Jesusek begiak zerura jaso eta esan eban: «Aita, ez dot erregutzen honeen alde bakarrik, baita honeen berbearen bidez Nigan sinestuko dabenen alde ere. Egizu guztiak bat izan daitezala. Aita, Zu Nigaz eta Ni Zugaz biok bat garan lez, honeek ere bat izan daitezala Gugaz, munduak sinestu dagian Zuk bialdu nozula.
Zuk emon zeunstan aintza bera emon deutset Nik, bat izan daitezan, Gu biok bat garan lez: Ni honeekin bat eta Zu Nigaz bat. Holan guztiz bat izango dira, eta munduak ezagutu ahal izango dau Zuk bialdu nozula eta Ni Neu maitatu nozun lez maitatu dozuzala honeek ere.
Aita, Zuk emon deustazuzanak Ni nagoan tokian Nigaz egotea gura dot, nire aintza, mundua izan baino lehen maite izan nozulako emon deustazun aintza, ikusi dagien.
Aita zuzen hori, munduak ez zaitu ezagutu; Nik, ostera, ezagutu zaitut, eta honeek jakin dabe Zuk bialdu nozula. Jakinazo deutset zure izena, eta aurrerantzean ere jakinazoko, Zuk Niri deustazun maitasuna honeekan izan daiten, eta Ni Neu ere honeekan izan naiten».