Pazko-aldiko VI. Asteko Ostirala
Nire herri izango dan jente asko dot Nik uri honetan.
Paulo Korinton egoala, gau batez honan esan eutsan Jaunak ikuskari batean: «Ez izan bildurrik; jarraitu berba egiten isildu barik. Ni zugaz nago eta ez deutsu inork kalterik egingo. Nire herri izango dan jente asko dot Nik uri honetan». Urte eta erdi egin eban Paulok Korinton, Jainkoaren berbea irakasten.
Akaiako Galion kontsulorde zala, judu guztiak Pauloren aurka jaso ziran batera; auzitara eroan eta honan salatu eben: «Honek Jainkoari gure Legearen kontrako kultua emotera bultzatzen dau jentea».
Paulo berbetan hastera joiala, esan eutsen Galionek juduei: «Juduok, bidebagekeria edo delitu handi bat balitz, kasu egingo neuskizue behar dan lez; baina, zuen gorabeherak berba eta izen batzuei buruzkoak eta zuen lege horri buruzkoak diren ezkero, hor konpon zeuek. Nik ez dot holako arazoetan epaile izan gura». Eta auzitegitik kanpora bota zituan.
Orduan, danek Sostenes sinagogako buruzagiari heldu eta jipoi ederra emon eutsoen auzitegi aurrean bertan. Galionek ez eutsen jaramonik egin.
Oraindino alditxo batez Korinton gelditu zan Paulo. Gero, senideei agur egin eta Siriarantz urten eban ontziz Priszila eta Akilagaz. Zenkreasen ulea motz-motz egin eban, egina eukan botoa beteteko.
R/ Jainkoa da lurbira osoan errege.
edo Aleluia.
Herri guztiok, txalo jo egizue,
Jainkoari irrintzi egiozue.
Goi-goiko Jauna, izan ere, izugarri,
lurbira osoan errege handi. R/.
Herriak deuskuz guri menperatu,
giza endak oinperatu.
Aukeratu dau guretzat ondarea,
maite dauan Jakobentzat aintzabidea. R/.
Oihu alaien artean igon da Jainkoa,
turuta-soinuz, Jauna.
Eresi Jainkoari, eresi;
eresi gure erregeari, eresi. R/.
Zuen poza ez deutsue inork kenduko.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Bene-benetan dinotsuet: Negar egingo dozue eta aiene; mundua, barriz, poztu egingo da. Zuek triste egongo zaree; baina zuen tristurea poz bihurtuko da.
Emakumea, erditzerakoan, triste egon ohi da, ordua etorri jakolako; umea izan ondoren, ostera, ahaztu egiten da larrialdiaz, munduari gizaki bat jaio jakolako pozik.
Zuek ere triste zagoze orain; baina agertuko natxatzue barriro, eta poztu egingo zaree, eta zuen poza ez deutsue inork kenduko. Egun haretan ez deustazue ezer itaunduko».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Joan →
Egindako guztia ikusi eban Jainkoak, eta oso ona zan.
Hasieran Jainkoak zeru-lurrak egin zituan. [Lurra nahas-mahas hutsa zan: leize handiaren gainean ilunpea. Eta Jainkoaren arnasea uren gainean ebilen.
Eta Jainkoak esan eban: «Izan bedi argia». Eta izan zan argia. Ikusi eban Jainkoak argia ona zala eta bereizi egin eban ilunpetik. Argiari «egun» ezarri eutsan izena, eta ilunpeari «gau». Eta arrats eta goiz: lehenengo eguna.
Jainkoak esan eban: «Izan bedi sabaia uren artean, goiko eta beheko urak bereiztu dagizan». Eta halan izan zan. Jainkoak sabaia egin eban eta sabai azpiko urak sabai gaineko uretatik bereiztu ebazan. Sabaiari «zeru» ezarri eutsan izena. Eta arrats eta goiz: bigarren eguna.
Jainkoak esan eban: «Batu bediz zeru azpiko urak leku bakar batean eta agertu bedi lehorra». Eta halan izan zan. Lehorrari «lur» ezarri eutsan izena, eta ur-multzoari «itsaso». Eta Jainkoak ona zala ikusi eban.
Jainkoak esan eban: «Emon begi lurrak landaretza: hazidun landareak eta zuhaitzak, bakoitzak jagokon frutua, hazi eta guzti, ekarriko dabenak». Eta halan izan zan. Lurrak emon eban landaretza: hazidun landareak, bakoitza jagokon haziagaz, eta frutua ekarriko daben zuhaitzak, bakoitza jagokon haziagaz. Eta Jainkoak ona zala ikusi eban. Eta arrats eta goiz: hirugarren eguna.
Jainkoak esan eban: «Izan bediz argizagiak zeru-sabaian, eguna eta gaua bereizteko, eta jaiak, egunak eta urteak adierazoteko; disdiratu begie zeru-sabaian, lurrari argi egiteko». Eta halan izan zan. Argizagi handi bi egin zituan Jainkoak: handiena egunaren gain jarteko, eta txikiena gauaren gain, eta izarrak ere egin zituan. Eta Jainkoak zeru-sabaian ipini ebazan, lurrari argi egiteko, egunaren eta gauaren gain jarteko eta argia eta ilunpea bereizteko. Eta Jainkoak ona zala ikusi eban. Eta arrats eta goiz: laugarren eguna.
Jainkoak esan eban: «Egin begie urek borbor bizidunez, eta egin begie hegan hegaztiek lurraren gainean, airean». Eta Jainkoak arraintzarrak egin zituan eta uretan borbor dabiltzan mota guztietako bizidunak eta mota guztietako hegaztiak. Eta Jainkoak ona zala ikusi eban. Eta bedeinkatu egin zituan, esanez: «Sortu egizuez umeak, ugaritu eta bete itsasoko urak; ugaritu bediz hegaztiak ere lurraren gainean». Eta arrats eta goiz: bosgarren eguna.
Jainkoak esan eban: «Sortu begiz lurrak mota guztietako bizidunak: abereak, narrastiak eta piztiak». Eta halan izan zan. Jainkoak mota guztietako piztiak, abereak eta narrastiak egin ebazan. Eta Jainkoak ona zala ikusi eban.]
Eta Jainkoak esan eban: «Egin dagigun gizakia geure antzera, geure irudiko; menperatu dagizala itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak, etxeko abereak eta lurreko narrastiak».
Jainkoak, beraz, bere irudiko egin eban gizakia, Jainkoaren beraren irudiko egin eban; gizaseme eta emakume egin zituan. Eta bedeinkatu egin ebazan Jainkoak eta esan eutsen: «Sortu egizuez umeak eta ugaritu, bete lurra eta izan beraren nagusi; menperatu egizuez itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak eta lurrean dabiltzan piztia guztiak».
Jainkoak esan eban: «Begiratu, zuei emoten deutsuedaz lurraren azalean diran hazidun landare guztiak eta hazidun frutua dakarreen zuhaitz guztiak; janari izango dozuez horreek. Abere, zeruko hegazti eta lurrean dabiltzan bizidun guztiei, barriz, bedar hezea emoten deutset janari». Eta halan izan zan. Eta egindako guztia ikusi eban Jainkoak, eta oso ona zan. [Eta arrats eta goiz: seigarren eguna.
Honan, burutuak gelditu ziran zeru-lurrak eta honeetan dagoan guztia. Zazpigarren egunerako burutu eban Jainkoak egindako lana, eta zazpigarren egunean, egindako lan guztiaren ondoren, atseden hartu eban.]
R/ Bai dohatsu Jaunagan itxaropide dauan gizakia.
Bai dohatsu gaiztoen asmoari jarraitzen ez deutsana,
hobendunen bidean ez dabilena,
lotsabakoen batzarrean jezarten ez dana.
Bestetara, Jaunaren legean atsegin dauana,
gau eta egun Haren legea hausnartzen dauana. R/.
Ur ertzean aldaturiko zuhaitza lakoa izango da,
bere sasoian emoten dau frutua,
eta orririk ihartzen ez jako,
zeregin guztietan ondo doakio. R/.
Ez holan gaiztoak, ez holan:
haizeak daroan lastoa lakoak izango dira.
Zintzoen bidezain Jauna dago-eta;
gaiztoen bidea, barriz, hondamendirako. R/.
Neu naz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da nekazaria.
ALDI haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Neu naz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da nekazaria. Nigan fruturik emoten ez dauan aihena ebagi egiten dau Aitak, eta frutu emoten dauana garbitu eta kimatu, frutu gehiago emon dagian. Zuek, honezkero, garbi zagoze, Nik adierazo deutsuedan hitzari esker. Iraun egizue Nigan, Nik zuengan bezala. Aihenak berez, mahatsondoan ez badago, fruturik emon ezin dauan lez, zuek be ez, Nigan irauten ez badozue.
Neu naz mahatsondoa eta zuek aihenak. Norbait Nigan badago, Ni harengan bezala, harek frutu asko emongo dau; ze, Ni barik ezin dozue ezer egin. Nigan ez dagoana kanpora botatzen dabe, ebagi eta igartzen dan aihenaren moduan; gero, batu, surtara bota eta erre egiten dabe.
Nigan bazagoze eta nire berbak zuengan badagoz, eskatu gura dozuena eta izango dozue.
Jaunak esana.