Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Pazko-aldiko VI. Asteko Asteazkena

Pazkoaldia Asteguna A zikloa
Fatimako Andre Maria (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Zuek ezagutu barik gurtzen dozuena, horixe iragarten deutsuet nik.

Egun hareetan, Paulori laguntzera joan ziranek Atenasera eroan eben eta, bihurtzean, Silas eta Timoteorentzat mandatu hau eroan eben: lehenbailehen Paulogaz batu eitezala.

Paulok, Areopago erdian zutunik, honan berba egin eban: «Atenastarrok, edozelan ere guztiz erlejinozale zareela ikusten dot. Hortik zehar nenbilela zuen jainko-oroitarriei begira, altara bat aurkitu dot idazkun honegaz: "Jainko ezezagunari". Hara bada, zuek ezagutu barik gurtzen dozuena, horixe iragarten deutsuet nik. Mundua eta munduan diran gauza guztiak egin dituan Jainkoa zeru-lurren Jauna da eta ez da giza eskuz egindako tenpluetan bizi; ez dabe giza eskuek zerbitzen ere, ez dau-eta ezeren beharrizanik, bera danez dalako guztiei bizia, arnasea eta gainerako guztia emoten deutsena.

Gizon bakar bategandik sortu zituan Jainkoak nazino guztiak, lur zabal osoan bizi eitezan, bakoitzari bere sasoia eta lur-mugak ezarriz. Eta hau guztia, Jainkoa bilatu egien, ea itsumustuka behinik behin aurkitzen eben; izan ere, ez dago gutako bakoitzagandik urrun, izan ere Haregan bizi gara-eta, Haregan mugitzen eta izan ere Haregan gara; hori bera esan dabe zuen olerkari batzuek ere: "Haren jatorrikoak gara".

Beraz, Jainkoaren jatorrikoak bagara, ez geinke pentsatu Jainkoa giza trebetasunak eta irudimenak landutako urre, zidar edo harrizko irudien antzeko danik.

Jainkoak ez dau kontuan hartu gura izan gizakien iraganaldia, ezjakinean bizi izan ziraneko sasoia, eta bihozbarritzeko agintzen deutse orain guztiei edonon. Izan ere, erabagia dau mundua justiziaz epaituko dauan eguna, eta horretarako ezarri dauan gizonaren bidez dau epaituko, berau hilen artetik biztuz danei ziur erakutsi deutsen lez».

«Hilen biztuera» aitatzen entzutean, batzuek barre egin eutsoen; beste batzuek, barriz, esan eutsoen: «Hurrengo batean entzungo deutsugu horretaz». Paulok, orduan, alde egin eban hareen artetik.

Halan ere, batzuk alkartu jakozan eta sinestu egin eben; hareen artean Dionisio Areopagokoa, Damaris izeneko emakume bat eta beste batzuk. Ondoren, Atenas itzi eta Korintora joan zan Paulo.

R/ Zeru-lurrak beterik ditu zure dizdirak.

edo Aleluia.

Goratu egizue Jauna zerutik,

goratu gaindegitik.

Goratu egizue Haren aingeru guztiok,

goratu Haren gudari-talde guztiok. R/.

Lurreko errege eta herri guztiek,

handiki eta lurreko buruzagiek;

mutil eta neskatxo,

agure eta haurtxo;

goratu begie Jaunaren izena,

Haren izena garai dan bakarra da-eta. R/.

Zerua eta lurra handiz gainditzen ditu,

bere herriari indar handia emoten deutso.

Bere zintzo guztien gorespena,

bere herri dauan Israelgo seme-alabena. R/.

Aitak dauan guztia nirea da;Espirituak Niretik hartuko dau adieraziko deutsuena.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Badot oraindino gauzarik asko zuei esateko, baina oraingoz ez zaree gai ulertzeko. Baina egiaren Espiritua etortean, Berak gidatuko zaitue egia beteraino. Ez dau bere kabuz berba egingo. Baina entzungo dauana esango deutsue eta etorkizuna iragarriko. Harek nire aintza azalduko dau, adieraziko deutsuena niretik hartuko dau eta.

Aitak dauan guztia nirea da; horregaitik esan deutsuet Espirituak Niretik hartuko dauala adieraziko deutsuena».