Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Pazko-aldiko VI Igandea

Pazkoaldia Igandea A zikloa
🔍 Bilatu

Eskuak buruan ezarri eutseezan eta Espiritu Santua hartu eben.

Egun hareetan, Felipe Samaria urira jatsi eta Mesiasen barri emoten hasi zan. Jenteak, Felipek esaten ebana entzun eta egiten zituan mirariak ikustean, gogo batez onartzen eban haren predikua; izan ere, deabrudun askogandik urteten eben espiritu gaiztoak deadarka, eta elbarri eta herren asko osatzen ziran. Poz handia izan zan uri haretan.

Jerusalemen egozan apostoluek, Samariak Jainkoaren berbea onartu ebala jakitean, Pedro eta Joan bialdu ebezan hara. Heldu ziranean, hareen alde otoitz egin eben, Espiritu Santua hartu egien. Izan ere, artean hareetako inorengana jatsi barik egoan Espiritua; Jesus Jaunaren izenean bakarrik izan ziran bateatuak. Orduan, Pedrok eta Joanek eskuak buruan ezarri eutseezan eta Espiritu Santua hartu eben.

R/ Lur osoa, egiozu irrintzi Jainkoari.

V/.

Lur osoa, egiozu irrintzi Jainkoari,

kanta haren izen ospetsuari,

emon aintza eta gorespen hari.

Esan Jainkoari: «Zein ikaragarriak diran zure egintzak!». R/.

V/.

Mundu osoa ahuspezten da zure aurrean,

Kantatu deioela, kantatu zure izenari.

Zatoze eta ikusi Jainkoak eginak,

izugarriak dira gizakien aldeko haren egintzak. R/.

V/.

Lehor bihurtu eban itsasoa,

oinez igaro eben ibaia;

poztu gaitezan, beraz, haregaz.

Nagusi da betidanik bere ahalmenaz. R/.

V/.

Zatoze eta entzun, Jainkoari begirune deutsazuenok,

kontatuko deutsuedaz harek nire alde eginak.

Bedeinkatua Jainkoa, ez dau-eta baztertu nire otoitza,

ezta aldendu be nigandik bere maitasuna. R/.

Heriotzea jasan eban bere gorputzean, baina bizia hartu eban barriro Espirituagandik.

Senide maiteok: Goratu egizue Jauna, Kristo, zeuen bihotzetan, eta egon beti prest zeuen itxaropenaren arrazoia emoteko eskatzen deutsueen guztiei; baina egizue apaltasunez eta begirunez, kontzientzia garbiz jokatuz. Holan, kristau lez dozuen jokabide onaz txarto esaka diharduenak lotsatu egingo dira zuen kontra esaten dabenaz. Hobe da, izan ere, ondo egiteagaitik sufritzea, Jainkoak holan nahi izan ezkero, txarto egiteagaitik sufritzea baino.

Kristok heriotzea jasan eban pekatuakaitik behin betiko —Errubakoak errudunakaitik—, zuek Jainkoagana eroateko. Gizakia zanez, heriotzea jasan eban, baina bizia hartu eban barriro Espirituagandik.

Nik Aitari eskatuko deutsat, eta beste laguntzaile bat emongo deutsue.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Maite banozue, beteko dozuez nire aginduak. Nik Aitari eskatuko deutsat, eta beste laguntzaile bat emongo deutsue, beti zuekin egon daiten, egiaren Espiritua. Munduak ezin dau hartu, ez dau ikusten-eta, ez ezagutzen; zuek, ostera, ezagutzen dozue, zuekan bizi dalako eta zuekin egongo dalako betiko.

Ez zaituet umezurtz itziko, bihurtuko naz zuekana. Laster munduak ez nau ikusiko; zuek, ostera, ikusiko nozue, Ni bizi naz eta zuek ere biziko zaree-eta. Egun haretan ulertuko dozue Ni Aitagan nagoala, eta zuek Nigan eta Ni zuekan. Nire aginduak onartu eta beteten dituanak, horrexek nau maite, eta Ni maite nauana nire Aitak maite izango dau, eta Nik ere maite izango dot eta agertuko natxako».