Jaunak bihotza edegi eutsan, Pauloren hitzak gogoz onartu egizan.
Egun hareetan, Troaden ontzia hartu eta Samotraziara joan ginan zuzenean. Biharamunean, Neapolisera heldu ginan, eta handik Filipora; Filipo Mazedonia eskualdeko uri nagusietako bat da, erromatar kolonia.
Uri honetan egun batzuk emon genduzan. Zapatuan uritik kanpora urten eta ibai ondora joan ginan, han juduen otoizleku bat egoala uste genduan-eta. Bertan jesarri eta batuta egozan emakumeei berba egiten hasi ginan.
Bazan entzuleen artean Lidia izeneko emakume bat, izatez Tiatirakoa eta purpura-saltzailea; Lidiak Israelen Jainkoa gurtzen eban. Jaunak bihotza edegi eutsan, Pauloren hitzak gogoz onartu egizan. Eta, bera eta bere etxekoak bateatu ziran eta erregu hau egin euskun: «Jaunagan benetan sinesten dodala uste badozue, hartu egizue ostatu, arren, nire etxean». Eta eskeintza onartzera behartu ginduzan.
R/ Maite dau Jaunak bere herria.
Kanta Jaunari kantu barria,
kanta haren gorapena fededunen batzarrean.
Poztu bedi Israel bere Egileaz,
alaitu siondarrak euren Erregeaz. R/.
Goratu begie haren izena dantza eginez,
jo begire Harentzat danbolina eta zitara.
Maite dau-eta Jaunak bere herria,
garaipenez jantziko ditu umilak. R/.
Alaitu bediz fededunak Jainko ospetsuaz,
egin begie pozez oihu euren etzalekuetan.
Bego Jainkoaren gorapena hareen eztarrian.
Ohorea da haren fededun guztientzat. R/.
Egiaren Espirituak autormen egingo dau nire alde.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Nik laguntzailea, Aitagan jatorria dauan egiaren Espiritua, bialduko deutsuet Aitagandik. Harek, etortean, autormen egingo dau nire alde. Eta zuek ere egingo dozue autormen, hasieratik Nigaz zagoze-eta.
Zuen sinesmenak huts egin ez dagian esan deutsuet hau. Izan ere judu-alkartetik bota egingo zaituee; gehiago oraindino, badator ordua, zuek hilgo zaituenak Jainkoari kultu emoten deutsala uste izango dauana. Eta holan jokatuko dabe ez Aita, ez Ni, ezagutu ez gaituelako. Aurrez esaten deutsuet, hori jazotean, esan neutsuela gogoratu dagizuen».