Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Pazko-aldiko V. Asteko Larunbata

Pazkoaldia Asteguna A zikloa
🔍 Bilatu

Zatoz Mazedoniara eta lagundu egiguzu.

Egun hareetan, Derbera joan zan Paulo eta, gero, Listrara. Han Timoteo izeneko ikasle bat aurkitu eban; ama judua eban eta kristaua; aita, barriz, greziarra. Izen ona eban Listrako eta Ikonioko senideen artean. Paulok beragaz eroan nahi izan eban, eta erdaindu egin eban inguru hareetako juduakaitik, danek ekien-eta aita greziarra ebala.

Igaroten ziran urietan, Jerusalemgo apostolu eta arduradunen erabagiak emoten eutseezan jakitera, bete egiezan. Eleiz alkarteak fedean sendotzen eta egunetik egunera jentez ugaltzen joiazan.

Paulo eta Silas Frigia eta Galazia eskualdeetan zehar joan ziran, Espiritu Santuak galazo egin eutsen-eta Asia probintzian hitza zabaltzea. Misiako mugara heldu ziranean, Bitiniarantz jo gura izan eben, baina Jesusen Espirituak ez eutsen itzi. Orduan, Misia alde batera itziz, Troadera jatsi ziran.

Gauean Paulok ikuskaria izan eban: Mazedoniako gizon bat azaldu jakon, zutunik, erreguka: «Zatoz Mazedoniara eta lagundu egiguzu». Paulok ikuskari hau izan baizen laster, Mazedoniara joaten ahalegindu ginan, ziur gengozan-eta Jainkoak dei egiten euskula, hareei Barri Ona iragartera.

R/ Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari.

edo Aleluia.

Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,

Jaunari zerbitzu alai egiozue,

Haren aurrera pozez oihuka sartu zaiteze. R/.

Jakizue Jauna dala Jainko,

Berak egin gaitu, Berarenak gara,

Bere herri eta larreko artalde. R/.

«Onbera da-eta Jauna,

Haren maitasuna betidaino,

Haren leialtasuna gizaldien gizaldietaraino. R/.

Zuek ez zaree mundukoak; Neuk aukeratu eta mundutik atara zaituet.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Munduak gorroto badeutsue, jakizue zuei baino lehen Neuri izan deustala gorroto. Mundukoak bazinee, munduak maite izango zindukeez, nork berea maite dauan legez; baina Nik aukeratu eta mundutik atara zinduedazanez, munduak gorroto deutsue, mundukoak ez zareelako.

Gogoratu esan neutsuena: Morroia ez da nagusia baino handiagoa. Ni pertsegitu banabe, zuek ere pertsegituko zaituee; nire berbea hartu badabe, hartuko dabe zuena ere. Nire izenagaitik egingo deutsuee guzti hori, bialdu nauana ezagutzen ez dabelako».