Espiritu Santuak eta guk erabagi dogu zuei zamarik ez ezartea, behar-beharrezko diranak izan ezik.
Egun hareetan, apostoluek eta arduradunek, eleiz alkarte osoagaz batera, euren arteko batzuk aukeratu eta Paulo eta Bernabegaz Antiokiara bialtzea erabagi eben. Barsaba deituriko Judas eta Silas aukeratu ebezan, senideen artean itzal handiko gizonak biak, eta gutun hau emon eutseen eroateko:
«Anaia apostolu eta arduradunek Antiokia, Siria eta Ziliziako jentil-herrietako senideoi, agur! Jakin dogu gure arteko batzuek, guk agindu barik, euren berbaz kezkatu eta nahastu zaitueela. Horregaitik, ordezkari batzuk aukeratzea erabagi dogu aho batez eta zuekana bialtzea Bernabe eta Paulo geure senide maiteekin, euren buruak Jesu Kristo gure Jaunaren zerbitzuan emon dabezan horreekaz. Hor bialtzen deutsueguz, bada, Judas eta Silas, gauza bera ahoz jakinazo deizueen. Espiritu Santuak eta guk erabagi dogu zuei zamarik ez ezartea, behar-beharrezko diran honeek izan ezik: ez dagizuela jan sasijainkoei eskeinitako haragirik, ezta odolik nahiz odolustu bako abererik ere, eta itzi dagizuezala legearen kontrako haragi-hartuemonak. Ondo egingo dozue holakoetatik alde egiten badozue. Izan ondo».
Bialduak, beraz, Antiokiara jatsi ziran eta, alkartea baturik, gutuna emon eutseen. Irakurri ebenean, pozez bete ziran berba kontsolagarri hareekaz.
R/ Goratuko zaitut, Jauna, herrietan.
edo Aleluia.
Bizkor dot bihotza, bizkor, ene Jainko;
eresi eta goratzarre deutsut egingo:
«Esnatu zakidaz, barrua,
esnatu zaiteze, salterioa eta kitara,
esnatuazoko dot artizarra». R/.
Goratuko zaitut, Jauna, herrietan,
goratzarre egingo deutsut atzerrietan.
Handia da-eta zure maitasuna zeruetaraino,
zure leialtasuna hodeietaraino.
Jainko, agertu zaitez garai zeruan,
zabaldu bedi lur osoan zure edertasuna. R/.
Hauxe agintzen deutsuet: Maitatu dagizuela alkar.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Hau da nire agindua: maitatu dagizuela alkar, Nik maite izan zaituedan lez. Ez dau inork maitasun handiagorik, bere bizia adiskideen alde emoten dauanak baino.
Zuek nire adiskide izango zaree, Nik agindua beteten badozue. Aurrerantzean ez deutsuet morroi deituko, morroiak ez dau-eta jakiten nagusiak zer egiten dauan; zuei adiskide deitzen deutsuet, nire Aitak jakinazo deustan guztia adierazo deutsuet-eta.
Ez ninduzuen zuek aukeratu Ni, Neuk aukeratu zinduedazan zuek, eta eginkizun hau emon deutsuet: edonon frutu ugaria eta iraunkorra emon dagizuela; holan, Aitari nire izenean eskatuko deutsazuen guztia emon egingo deutsue.
Hauxe agintzen deutsuet: maitatu dagizuela alkar».