Sinestedun guztiak batasunean bizi ziran, eta dana danentzat euken.
Apostoluen Eginak liburutik
Senideek zintzo irauten eben apostoluen irakaspenak entzuten eta alkarte bizitzan, ogia zatitzen eta otoitzean.
Jente guztia izuturik egoan apostoluek egiten ebezan hainbeste mirari eta ezaugarrigaz. Sinestedun guztiak batasunean bizi ziran eta dana danentzat euken: euren lur eta ondasunak saldu eta guztien artean banatzen eben dirua, bakoitzaren beharrizanari egokionez.
Egunero batu ohi ziran alkarregaz tenpluan, eta etxeetan zatitzen eben ogia, jatorduak pozik eta bihotz apalez eginez. Jainkoa goresten eben, eta herri osoak begi onez ikusten zituan. Eta Jaunak egunetik egunera gehitzen eutsozan alkarteari salbatzen ziranak.
R/ Eskerrak Jaunari, ona da-eta, Haren maitasuna betikoa da-eta.
edo Aleluia.
Israel etxeak hau esan begi:
«Haren maitasuna betikoa».
Aaron etxeak hau esan begi:
«Haren maitasuna betikoa».
Esan begie Jaunaren bildur direnek:
«Haren maitasuna betikoa». R/.
Gogor bultzatu ninduen jausteko,
han egoan Jauna ni laguntzeko.
Nire indar eta nire kemen Jauna,
Ha da nire salbamena.
Poz eta garaipen-oihuak
zintzoen txabolan. R/.
Etxegileek baztertutako harria,
berori egin da giltzarria.
Jaunak egin dau hori,
gure begien harrigarri.
Hau da Jaunak egin dauan eguna,
gu pozteko eta alaitzeko eguna. R/.
Bigarren Irakurgaia · 1 P 1, 3-9
Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.
Irakurri gaztelaniaz →Handik zortzi egunera, barriro agertu jaken Jesus.
Astearen lehenengo egunean, ilunabarrean, etxe batean batuta egozan ikasleak, ateak itxita, juduen bildurrez. Sartu zan Jesus eta, erdian jarririk, esan eutsen: «Bakea zuei». Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi eutsezan. Ikasleak pozez bete ziran, Jauna ikustean.
Jesusek barriro esan eutsen: «Bakea zuei. Aitak Ni bialdu nauan lez, Nik zuek bialtzen zaituet». Eta hareen gainera arnasea botaz, esan eutsen: «Hartu egizue Espiritu Santua. Zuek pekatuak parkatzen deutsezuezanei, parkatu egingo deutsez Jainkoak ere; zuek parkamena ukatzen deutsezuenei, ukatu egingo deutse».
Tomas, Hamabietako bat, Bikia eritzona, ez egoan hareekin Jesus etorri zanean. Beste ikasleek esan eutsoen: «Jauna ikusi dogu». Tomasek erantzun eutsen: «Haren eskuetan untze-zuloak ikusten ez baditut, neure atzamarra haren untze-zuloetan eta neure eskua haren saihetsean sartzen ez baditut, ez dot sinestuko».
Handik zortzi egunera, etxean egozan barriro ikasleak, eta Tomas ere hareekin zan. Sartu zan Jesus, ateak itxita egozala, eta erdian jarririk esan eutsen: «Bakea zuei». Gero esan eutsan Tomasi: «Ekarri atzamarra, begiratu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihetsean, eta ez izan sinesgogor, sinestedun baino».
Tomasek erantzun eutsan: «Ene Jauna eta ene Jainkoa!» Jesusek esan eutsan: «Ikusi nozulako sinestu al dozu? Zorionekoak ikusi barik sinesten dabenak».
Beste ezaugarri asko ere egin zituan Jesusek ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez dagozanak; hemen idatziak Jesus Mesias, Jainkoaren Semea, dala sinestu dagizuen idatzi dira eta, sinestuz, haren izenean bizia izan dagizuen.