Guk ezin dogu ezelan ere entzun eta ikusi doguna isilean gorde.
Egun hareetan, herriko agintari, zahar eta lege-maisuak Pedro eta Joanen ausardia ikusi eta gizon eskola bako eta ezjakinak zireala jabeturik, harrituta egozan. Baekien, alde batetik, Jesusegaz ibiliak zireala eta han ikusten eben, bestetik, euren aurrean zutunik, osatutako gizona. Ez eben, beraz, aurka egiterik.
Halan, batzarretik kanpora urteteko agindu eutseen eta honan hasi ziran euren artean esaten: «Zer egin gizon honeekin? Izan ere, ageri-ageriko miraria egin dabe: ondo dakie hori Jerusalemgo guztiek, eta ezin dogu ukatu. Halan ere, herrian hori gehiago zabaldu ez daiten, mehatxatu egingo doguz, gaurdanik Jesusen izena inori aitatu ez deioen».
Deitu eutseen, bada, eta zorrotz debekatu eutseen Jesusen izenean berba egitea edo irakastea. Orduan, Pedrok eta Joanek erantzun eben: «Zeuek ikusi Jainkoarentzat zuzena ete dan zuen esana egitea, harena egin ordez. Guk ezin dogu ezelan ere entzun eta ikusi doguna isilean gorde».
Barriro mehatxatu ondoren, askatu egin ebezan. Ez eben aurkitzen hareek zigortzeko erarik, herriaren bildurrez, guztiek Jainkoa goresten eben-eta jazo zanagaitik.
R/ Eskerrak Zuri, Jauna, entzun nozulako.
edo Aleluia.
Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
Haren maitasuna betikoa da-eta.
Nire indar eta nire kemen Jauna,
Bera da nire salbamena.
Poz eta garaipen-oihuak
zintzoen etxolan. R/.
«Jaunaren eskumeak nau jaso,
Jaunaren eskumeak bizkor dau jokatu».
Ez naz hilgo, bizi baino,
Jaunaren eginak nik oihu egingo.
Zigortu nau Jaunak, zigortu,
baina ez nau heriotzaratu. R/.
Edegi niri zintzotasunaren ateak,
hortik sarturik emon deiodazan Jaunari eskerrak.
Hau da Jaunaren atea,
zintzoak sartuko dira aurrera.
Eskerrak Zuri entzun nozulako,
salbamen zaiatazalako. R/.
Zoaze mundu guztira, eta iragarri Barri Ona izaki guztiei.
Astearen lehenengo egunean, goizean goiz, bizturik, Maria Magdalenari zazpi deabru atara eutsazanari agertu jakon Jesus lehenengo. Ha Jesusegaz bizi izan ziranei barri emotera joan zan, triste eta negarrez egozan-eta. Baina hareek, bizi zala eta berak ikusi ebala entzutean, ez eutsoen sinestu.
Ondoren, ikasleetako biri agertu jaken, beste itxura batean, auzo batera bidean joiazala. Honeek ere besteei barri emotera joan ziran; baina honeei ere ez eutseen sinestu.
Azkenean, Hamaikei agertu jaken, mahaian egozala, eta aurpegira bota eutsezan euren sinesbakokeria eta burugogorkeria, bizturik ikusi ebenei sinestu ez eutseelako. Eta esan eutsen: «Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona izaki guztiei».