Otoitza amaitzean, dar-dar egin eban batuta egozan lekuak; Espiritu Santuaz beterik gelditu ziran guztiak, eta ausardiaz iragarten eben Jainkoaren berbea.
Egun hareetan, Pedro eta Joan askatu ebezanean, senideakana bihurtu ziran, eta abadeburu eta zaharrek esandako guztia azaldu eutseen. Entzutean, danek, abotsa jasorik, aho batez Jainkoari otoitz egin eutsoen:
«Jauna, Zuk egin zenduzan zeru-lurrak eta itsasoa, eta horreetan diran gauza guztiak; Zuk esan zenduan Espiritu Santuaren bidez eta gure aita David zeure zerbitzariaren ahoz:
"Zergaitik dabilz iskanbilan nazinoak,
eta asmo ustelak asmatzen herriak?
Munduko erregeak jaso dira
eta agintedunek alkar hartu dabe
Jaunaren eta Harek aukeraturiko Mesiasen aurka".
Bai, holan alkartu dira uri honetan Herodes eta Pontzio Pilato atzerriko nazinoekaz eta Israel herriagaz, zuk Mesias igurtzi zenduan Jesus zeure zerbitzari santuaren aurka; holan, zure ahalmenak eta gurariak aldez aurretik erabagita eukena bete dabe. Begiratu orain, Jauna, zelan mehatxatzen gaituen, eta emoiguzu zeure zerbitzarioi zeure hitza ausardia osoz iragartea, eta luzatu zeure eskua, Jesus zeure zerbitzari santuaren izenean osaketak, ezaugarriak eta mirariak egiteko».
Otoitza amaitzean, dar-dar egin eban batuta egozan lekuak; Espiritu Santuaz beterik gelditu ziran guztiak, eta ausardiaz iragarten eben Jainkoaren berbea.
R/ Bai dohatsu, Jauna, Zugana batzen diran guztiak!
edo Aleluia.
Lurreko erregeak jagiten dira,
alkartzen handikiak batera,
Jaunaren eta Harek Igurtziaren kaltera:
«Eten dagiguzan hareen lokarriak,
jaurti dagigun hareen buztarria». R/.
Goian dagoan Ha han dago barrez,
Jauna iseka dauke.
Berba egiten deutse gero bere hasarrean,
eta izutzen ditu bere suminean. R/.
«Neuk ezarri dot neure erregea,
Sionen, neure mendi santuan».
Jaunaren erabagia iragarriko dot:
Berak esan deust: «Nire seme zara zu;
Nik zaitut gaur zu sortu. R/.
Eskatu niri, eta atzerriak emongo Nik ondare,
lurbira osoa zure mugape.
Burdina-zigorrez dozuz apurtuko,
buztin-lapikoa lez hausiko». R/.
Ezin dau inork Jainkoaren erreinua ikusi barriro jaioten ez bada.
Bazan fariseuen taldean Nikodemo izeneko gizon bat, juduen buruzagietakoa. Honek gauez Jesusegana etorri eta esan eutsan: «Maisu, badakigu Jainkoak guri irakasteko bialdu zaituana; inork ez daike-eta egin Zuk egiten dozun ezaugarririk, Jainkoa beragaz ez badau».
Jesusek erantzun eutsan: «Bene-benetan dinotsut: Ezin dau inork Jainkoaren erreinua ikusi, barriro jaioten ez bada».
Nikodemok itaundu eutsan: «Zelan jaio daiteke norbait, zaharra izanik? Sartu ete daiteke amaren sabelean eta barriro jaio?»
Jesusek erantzun eutsan: «Bene-benetan dinotsut: Ezin da inor Jainkoaren erreinuan sartu, uretik eta Espiritutik jaioten ez bada. Gizakitik berez jaioa gizakia da, Espiritutik jaioa espiritua. Ez harritu barriro jaio behar dozuela esan deutsudalako. Haizeak edonondik joten dau, eta entzuten dozu haren hotsa, baina ez dakizu nondik datorren, ez nora doan. Gauza bera jazoten da Espiritutik jaio danagaz».