Nahiz bizi nahiz hil, Jaunarenak gara.
Senideok: Gutariko inor ez da beretzat bizi, ezta beretzat hiltzen be. Bizi bagara, Jaunarentzat gara bizi, eta hiltzen bagara, Jaunarentzat gara hiltzen. Beraz, nahiz bizi nahiz hil, Jaunarenak gara.
Honetarako hil eta biztu zan Kristo: hildakoen eta bizien Jauna izateko. Danok agertu beharko dogu Jainkoaren auzitegian, Liburu Santuak dinoan lez:
«Zin dagit neure biziagaitik –dino Jaunak–:
belaun guztiak makurtuko dira nire aurrean
eta mihin guztiek goratuko dabe Jainkoa».
Izan be, guztiok emon beharko deutsagu Jainkoari nork bere buruaren kontu.
R/ Bihozbera eta errukiorra da Jauna. Edo: Beti-betiko zoriona gure hileri emon, Jauna.
V/. Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
hasarregatxa eta onginahiz betea.
Ez gaitu erabiltzen gure pekatuek merezi bezala,
ez deusku ordaintzen geure erruen arabera. R/.
V/. Zelan aita seme-alabentzat errukior,
halan Jauna begirune deutsoenentzat errukitsu;
ondo daki-eta zerez garan eginak,
gogoan dau hautsa garala gu. R/.
V/. Gizakia! Haren egunak bedarraren pareko,
zelaiko lorea lez da loratzen
eta, haizeak ikutu orduko, bat-batean galtzen,
egoan tokian lorratzik itzi barik. R/.
V/. Jaunaren maitasuna, barriz, betidanik betidaino
begirune deutsoenentzat,
haren salbazino-asmoak belaunez belaun dirau
haren ituna gordetzen dabenentzat,
legeak gogoan hartu eta betetzen dabezanentzat. R/.
Zatoze, nire Aitaren bedeinkatuok.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizonaren Semea –eta aingeru guztiak beragaz– aintzaz beterik etortzean, bere errege-aulki ospetsuan jesarriko da, eta herri guztiak haren aurrean batuko dabez. Harek batzuk besteakandik banandu egingo ditu, artzainak ardiak ahuntzengandik banatzen dituan lez: ardiak bere eskumaldean ipiniko ditu, eta ahuntzak ezkerraldean.
Orduan, erregeak esango deutse eskoikoei: “Zatoze, nire Aitaren bedeinkatuok; hartu egizue munduaren sortzetik zuentzat prestaturik dagoan erreinua. Ze gose nintzan, eta jaten emon zeunsten; egarri, eta edaten emon; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoan, eta jantzi egin ninduzuen; gaixorik, eta bisitatu; espetxean, eta ikustera etorri zinien”.
Orduan, zintzoek erantzungo deutsoe: “Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik, eta emon geuntsun jaten, edota egarri, eta edaten emon? Noiz ikusi zinduguzan arrotz, eta etxean hartu, edota biluzik, eta jantzi? Noiz ikusi zinduguzan gaixorik edota espetxean, eta ikustera joan?”
Eta erregeak erantzungo deutse: “Bene-benetan dinotsuet: nire senide txikien honeetariko bati egin zeuntsoena neuri egin zeunsten”.
Gero, esango deutse ezkerrekoei: “Alde nigandik, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestatuta dagoan betiko surtara. Ze gose nintzan, eta ez zeunsten jaten emon; egarri, eta ez zeunsten edaten emon; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixorik eta espetxean nengoan, eta ez zinien ni ikustera etorri”.
Hareek erantzungo deutsoe: “Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik edota egarriz, arrotz edota biluzik, gaixorik edota espetxean, eta guk lagundu ez?”. Harek erantzungo deutse: “Benetan dinotsuet: txikien honeetariko bati egin ez zeuntsoena, neuri ez zeunsten egin”.
Eta honeek betiko zigorretara joango dira; zintzoak, barriz, betiko bizitzara».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Mateo →