Bakotxari bere egintzen arabera ordainduko deutso: judeguei lehenengo, baina baita judegu ez diranei be.
ZEURE burua epaile egiten dozun horrek, zarana zarala, ez dozu atxakiarik. Besteak epaituz, zeure burua kondenatzen dozu, zeuk, epaile horrek, gauza berberak egiten dozuz-eta. Badakigu holakoak egiten dabezanak zorrotz epaitzen dituala Jainkoak.
Eta zu, besteengan kondenatzen dozuzan gauza berak egiten dozuzan hori, epaiari ihes egingo deutsazulakoan zagoz? Ala gitxietsi egiten dozu Jainkoaren neurribako bihotz ona, eroapena eta pazientzia, beraren bihotz onak bihotz-barritzera gonbidatzen zaituala ahazturik?
Zeure bihotz damubakoaren gogorkeriaz zigorra handitzen diharduzu zigor-egunerako, Jainkoaren epai zuzena agertuko dan egunerako, hain zuzen be. Orduan, bakotxari bere egintzen arabera ordainduko deutso Jainkoak: on egiten iraun eta aintza, ohore eta hilezkortasun bila dabiltzanei betiko bizia emongo deutse; berekoikeriaz egiaren kontra jagitzen diranei eta zuzenbakokeriari men egiten deutsoenei, barriz, hasarrea eta zigorra.
R/ Zeuk emoten deutsazu bakotxari, Jauna, bere eginakaitik dagokiona.
Jainkoagan bakarrik dau atseden nire barruak,
Haregandik jatort-eta salbamena.
Bera bakarrik nire harkaitz eta salbamen,
Bera nire babesleku: ez dot sekula kolokarik egingo. R/.
Ene barrua, Jainkoagan bakarrik izan atseden,
Haregandik jatort-eta itxaropena.
Bera bakarrik nire harkaitz eta salbamen,
Bera nire babesleku: ez dot kolokarik egingo. R/.
Jainkoagan nire salbamena eta ohorea,
Jainkoa nire harkaitz sendo eta babeslekua.
Izan konfiantzea Haregan eten barik, haren herri zareenok,
zabaldu Hari zeuen bihotza,
Jainkoa dogu babeslekua! R/.
Zoritxarrekoak zuek, fariseuok! Zoritxarrekoak zuek, legelariok!
Aldi haretan, Jaunak esan eban: «Ai zuek, fariseuok! Ortuaririk kaxkarrenen hamarrenak ordaintzen dozuez, eta zuzenbidea eta Jainkoaren maitasuna, barriz, alde batera izten. Honeek bete behar zenduezan, hareek baztertu barik.
Ai zuek, fariseuok! Sinagogetan aurreneko aurkiak eta plazetan jentearen agurrak maite dozuez!
Ai zuek! Ikusten ez diran hilobiak lakoak zaree, jentea konturatu barik hareen gainetik dabil-eta».
Orduan, lege-maisu batek esan eutsan: «Maisu, holan berba eginez, geu ere iraindu egiten gaituzu». Jesusek erantzun eutsan: «Ai zuek ere, lege-maisuok! Eroanezineko zamak leporatzen deutsezuez besteei, eta zeuek atzamar batez ere ikutu ez».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →