Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zehar XXVIII Igandea

Urtean Zehar Igandea B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Aberastasunak ezer ez zirala uste neban jakituriaren ondoan.

Otoitz egin neban, eta zuhurtasuna emon eustan Jainkoak,

dei egin neutsan, eta jakituriaren espiritua heldu jatan;

errege-aurkia eta aginte-makilea baino nahiago izan neban;

haren aldean aberastasuna ezereztzat jo neban;

harri-bitxirik preziatuenagaz ere ez neban parekatu,

urre guztia, haren aldean, hondar-apur bat besterik ez,

eta zidarrak, haren aurrean, lokatza dirudi.

Osasuna eta edertasuna baino maiteago izan neban,

eta neure argitzat aukeratu neban,

haren disdira ez da-eta inoiz amatetan.

Eta jakituriagaz ondasun guztiak batera etorri jatazan,

eta ezin konta ahala aberastasun haren eskutik.

R/ Zeure maitasunaz ase gagizuz, Jauna, poztu gaitezan Zugan.

Irakatsi egiguzu geure egunen kontua eroaten,

zuhurtasunaren muinaz jabetu gaitezan.

Bihurtu zakiguz, Jauna! Noiz arte?

Errukitu zaitez zeure zerbitzariez. R/.

Asetu gagizuz goizero zeure maitasunaz,

poztu gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.

Emon zoriona orain arteko atsekabe-egunen ordez,

ikusi doguzan urte gorrien ordez. R/.

Ikusi begie zure zerbitzariek zure ekintza,

eta hareen seme-alabek zure dirdaia.

Betor gugana Jaunaren, gure Jainkoaren, gozotasuna

eta sendotu begi Harek gure eskuen lana;

sendotu dagiala, bai, gure lana. R/.

Bihotzaren erabagi eta asmoak epaitzeko gai da Jainkoaren berbea.

Bizia da Jainkoaren berbea, bizia eta eraginkorra, aho biko ezpatea baino sarkorragoa: arima eta espirituaren sakoneraino sartzen da, pertsonearen zokorik ezkutueneraino, eta barreneko pentsamentu eta asmoak aztertzen ditu. Ez da harentzat munduan ezer ikusezinik; dana dago biluzik eta agirian, kontuak emon beharko deutsaguzan Haren begietan.

Saldu daukazuzan guztiak, eta jarraitu Niri.

Aldi haretan, Jesus abiatzera joiala, gizon bat etorri jakon lasterka eta, aurrean belaunikaturik, itaundu eutsan: Maisu ona, zer egin behar dot betiko bizia ondaretzat jasoteko?

Jesusek erantzun eutsan: Zergaitik esaten deustazu ona? Inor ez da ona, Jainkoa besterik. Badakizuz aginduak: ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin guzurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, hartu aintzat aitamak. Harek, orduan: Maisu, gazte-gaztetatik bete izan dot hori guztiori.

Jesus maitasunez begira jarri jakon, eta esan: Gauza bat besterik ez jatsu falta: zoaz, saldu daukazun guztia eta emon behartsuei, eta altxorra izango dozu zeruan; gero, zatoz eta jarraitu Niri. Berba honeek entzutean, ilun jarri zan gizona eta nahigabez joan, ondasun handien jabe zan-eta.

Orduan, Jesusek, ingurura begiratuz, esan eutsen ikasleei: Bai nekez sartuko dirala aberatsak Jainkoaren erreinuan! Harriturik itzi ebazan ikasleak esaldi honek. Baina Jesusek barriro ere: Ene semeok, bai zaila dala Jainkoaren erreinuan sartzea! Orratzaren begitik gamelua igarotea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.

Ikasleek, gero eta harrituago, alkarri inotsen: Nor salbau daiteke, orduan? Jesusek begira-begira jarri eta esan eutsen: Gizakiarentzat ezinezkoa da, baina Jainkoarentzat ez, dana daike-eta Jainkoak.