Hau inoen gaiztoek:
Jarri deioguzan sareak zintzoari;
ikusi daigun esaten dauana egia dan ala ez,
aztertu daigun zelako amaiera dauan ikusteko.
Benetan Jainkoaren seme bada,
etorriko jako ha zintzoari laguntzera
eta libratuko dau arerioen eskuetatik.
Irainak eta oinazeak jasanarazoko deutsaguz,
haren nasaitasuna ezagutu eta eroapena probatzeko.
Heriotza lotsagarrira kondenatuko dogu,
bere esanetan, Jainkoak alde urtengo deutso-eta.
Jaunak esana.
R/ Jauna da nire biziaren babesle.
V/.
Ene Jainko, salbatu nagizu zeure izenagaitik,
defendatu nire auzia zeure ahalmenaz.
Entzun, ene Jainko, nire otoitza,
makurtu belarria nire ahoko hitzetara. R/.
V/.
Nire aurka jagi dira harroak
eta ni hil nahian dabiltz gogorzaleak,
Jainkoaren ardurarik barik. R/.
V/.
Baina nik Jainkoa dot laguntzaile,
Jauna neure biziaren babesle.
Sakrifizioak eskeiniko deutsudaz bihotz-bihotzez,
zure izena goratuko, Jauna, ona zaralako. R/.
Bakegileek bakean ereiten dabe eta frututzat zuzentasuna batzen.
SENIDE maiteok: Bekaizkeria eta norgehiagokeria diran tokian, han dira nahastea eta era guztietako gaiztakeriak. Goitik datorren jakituria, barriz, garbia da lehenengo; gainera, baketsua, bihozbera, amore-emoilea, errukitsua eta frutu onak dakarzana, alderdikeriarik eta itxurazalekeriarik bakoa. Bakegileek bakean ereiten dabe eta frututzat zuzentasuna batzen.
Nondik sortzen dira zeuen artean dozuezan hasarreak eta burrukak? Ez ete zuen barruan burrukan dabiltzan grina txarretatik? Zeozer gogo biziz gura eta eskuratu ezin dozuenean, hilketak egiten dozuez; zeozer nahi eta lortu ezin dozuenean, hasarrea sortu eta burruka egiten dozue. Ez badaukazue, eskatzen ez dozuelako da; eskatu eta hartzen ez badozue, txarto eskatzen dozuelako da, zeuen grina txarrak asetzeko eskatzen dozuelako.
Jaunak esana.
R/. Aleluia. V/. Honetarako dei egiten deusku Jainkoak Barri Onaren bidez, Jesu Kristo gure Jaunaren aintza eskuratzeko. R/.
Gizonaren Semea gizakien esku itziko dabe. Lehenengo izan nahi dauana izan bedi danetan azkena.
ALDI haretan, Jesus eta ikasleak Galilean zehar ebiltzan. Jesusek ez eban hori inork jakiterik gura, ze, ikasleei irakastera emona egoan. Holan inotsen: «Gizonaren Semea gizakien esku itziko dabe; hil egingo dabe, baina hil eta hiru egunera biztu egingo da». Hareek, ostera, ez eben ulertzen zer esan gura eutsen; itauntzeak, barriz, bildurra emoten eutsen.
Heldu ziran Kafarnaumera eta, etxean egozala, Jesusek itaundu eutsen: «Zer eztabaida izan dozue bidean?» Baina hareek berbarik ez; ze, euren artean handiena nor ete zan eztabaidatu eben bidean.
Jesarri zan Jesus eta, Hamabiei dei eginik, esan eutsen: «Lehenengo izan nahi dauana izan bedi danetan azkena eta danen zerbitzaria».
Gero, umetxu bat hartu, hareen erdian jarri eta, besarkatuz, esan eutsen: «Holako ume bat nire izenean onartzen dauanak Neu onartzen nau, eta Ni onartzen nauanak, ez nau Neu onartzen, ezpada ze, bialdu nauana bera baino».
Jaunak esana.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Markos →