Bete agindua kutsu barik, Jaunaren agertze egunera arte.
Anaia maite: Gauza guztiak biziazoten dituan Jainkoaren aurrean eta Pontzio Pilatoren auzitegian autormen bikaina egin eban Kristo Jesusen aurrean erregutzen deutsut: bete agindua akats barik eta esankizunik sortu barik, Jesu Kristo gure Jauna agertuko dan arte, bere sasoian agertuazoko dau-eta Jainkoak.
Berau da Nagusi bakar eta zoriontsua,
erregeen Erregea eta jaunen Jauna;
Bera bakarrik da hilezkorra,
eta heldu ezineko argitan bizi da:
ez dau inoiz gizakik ikusi
eta ezin dau ikusi ere.
Berari aintza eta agintea betiko. Amen.
R/ Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari.
Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
Jaunari zerbitzu alai egiozue,
haren aurrera pozez oihuka sartu zaiteze. R/.
Jakizue Jauna dala Jainko,
Berak egin gaitu, Berarenak gara,
Beraren herri eta larreko artalde. R/.
Sartu zaiteze ateetatik eskerrak emonez,
haren atarietan gorazarreka,
emon eskerrak, bedeinkatu haren izena. R/.
Onbera da-eta Jauna,
haren maitasuna betidaino,
haren leialtasuna mendeen mendeetaraino. R/.
Lur onean jausitakoak bihotz on eta aberatsean berbea entzuten eta gordeten dabenak dira, eta gero ekinaren ekinez alea emoten dabenak.
Aldi haretan, herri guztietatik jentetza handia batu jakon batean, Jesusek parabola hau esan eutsen: «Behin batean, urten eban ereileak hazia ereitera. Ereitean, ale batzuk bide-bazterrean jausi ziran, eta zapaldu egin ebezan eta txoriek jan. Beste batzuk harri artean jausi ziran eta, erne orduko, ihartu egin ziran, hezetasunik ez ebelako. Beste ale batzuk sasi artean jausi ziran, eta sasiek, haregaz batera ernerik, ito egin eben hazia. Gainerakoak lur onean jausi ziran, eta erne eta bateko ehun emon eben frutua».
Hau esanik, honan egin eban oihu: «Entzuteko belarririk dauanak entzun begi».
Orduan, parabola honek zer esan gura eban itaundu eutsoen ikasleek Jesusi.
Honek erantzun eutsen: «Zuei emon jatzue Jainkoaren erreinuaren misterioak ezagutzea; besteei, ostera, parabola bidez berba egiten deutset. Holan, begiratzen dabe, baina ikusten ez; entzuten dabe, baina ulertzen ez.
Hona hemen, bada, parabolearen esanahia: Hazia Jainkoaren berbea da. Bide bazterreko hazia lakoak honeek dira: berbea entzuten dabenak, baina deabrua etorten jake eta kendu egiten deutse berbea euren bihotzetik, sinestu eta salbatu ez daitezan. Harri arteko hazia lakoak honeek dira: berbea entzutean pozik hartzen dabenak; baina, zuztar bakoak izanik, denboraldi batean sinesten dabe, baina tentaldi-sasoian atzera egiten dabe. Sasi artean jausitako hazia lakoak, barriz, honeek dira: berbea entzuten dabenak, baina bizitzako ardura, diru eta atseginen artean itota gelditzen dira eta ez dira heltzen frutua emotera.
Lur oneko hazia lakoak honeek dira: berbea bihotz on eta zabalez entzunik, barruan gorde eta iraupenez frutua emoten dabenak».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →