Pekatariak salbatzera etorri zan lurrera.
Anaia maite: Sinesgarria eta guztiok onartzekoa da doktrina hau: Kristo Jesus pekatariak salbatzera etorri zala mundura. Eta inor ez ni baino pekatariagoa; horrexegaitik, hain zuzen, lortu neban errukia, Jesu Kristok bere pazientzia lehenengo nigan erakutsi egian eta betiko bizia izateko Haregan sinestuko ebenentzat eredu izan neinten.
Gizaldien Erregeari, beraz, Jainko hilezkor, ikusezin eta bakarrari, ospe eta aintza gizaldi eta gizaldietan. Amen.
R/ Bedeinkatua izan bedi Jaunaren izena orain eta beti.
Goratu egizue, Jaunaren zerbitzariok,
goratu Jaunaren izena.
Bedeinkatua izan bedi Jaunaren izena,
orain eta beti. R/.
Eguzkiaren sorlekutik sarlekura,
goratua izan bedi Jaunaren izena.
Jauna herri guztien gainean garai dago,
haren ospea zerua baino gorago. R/.
Nor da Jauna gure Jainkoa lakorik?
Beheratu egiten da,
zerura eta lurrera begiratzeko.
Gizagaixoa hautsetatik jasoten dau,
behartsua zaborretatik ataraten. R/.
Zergaitik diharduzue Niri «Jauna, Jauna!» deika eta ez dozue nire esana egiten?
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez da zuhaitz onik frutu txarra emoten dauanik, ezta zuhaitz txarrik ere frutu ona emoten dauanik. Bere frutuetatik igarten jako zuhaitzari; elorritik ez da pikurik batzen, ezta sasitik ere mahatsik hartzen. Ona danak ona ataraten dau bere barruko ondasun-altxorretik, eta txarrak gaitza bere gaiztakeri altxorretik; ahoak esan, bihotzari gainezka darionetik esaten dau-eta.
Zergaitik esaten deustazue "Jauna, Jauna!" eta ez dozue egiten esaten deutsuedana? Erakutsiko deutsuet noren antzeko dan Nigana etorri eta nire berbak entzun eta beteten dituana: etxea eregitean, zulatu, sakondu eta oinarriak harkaitzean hartu ebazan gizonaren antzekoa da. Uholdea izatean, jo eban ur-boladak etxea, baina ezin izan eban dardarazo, sendo eregia egoan-eta.
Entzun bai, baina beteten ez dituana, barriz, etxea lur gainean, oinarri barik, eregi eban gizonaren antzekoa da. Jo eban ur-boladak eta bat-batean jausi zan eta guztiz hondatuta gelditu».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →