Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXIII. Asteko Osteguna

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
★ Pedro Claver Santua (Aukerako Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Izan maitasuna, hori da-eta alkartasun betearen lokarria.

SENIDEOK: Jantzi zaiteze bihotz errukitsuz, onberatasunez, apaltasunez, otzantasunez, eroapenez, Jainkoaren herri aukeratua, santua eta maitea zarien ezkero. Eroan egizue ondo alkar eta parkatu batak besteari, inork inoren aurka ezer baleu. Jaunak parkatu eutsuen lez, parkatu zuek be alkarri. Eta horreen guztien gainetik, izan maitasuna, hori da-eta alkartasun betearen lokarria. Kristoren bakeak agindu begi zuen bihotzean, bake horretara deituak zarien ezkero gorputz baten, eta izan esker oneko.

Bizi bedi oparo zuengan Kristoren hitza; irakatsi eta aholkatu jakituria osoz; kantatu Jainkoari bihotzez eta esker onez salmoak, gorazarreak eta kantu inspiratuak. Edozer esaten nahiz egiten dozuela, egizue dana Jesu Kristo Jaunaren izenean, haren bidez Jainko Aitari eskerrak emonez.

Jaunak esana.

R/ Santu, santu, santua Jauna, Jainko ahalguztiduna!

Goratu egizue Jainkoa bere santutegian,

goratu bere zeru-sabai tinkoan.

Goratu egizue bere egite ahaltsuakaitik,

goraru bere neurri bako handitasunagaitik. R/.

Goratu egizue adar-soinuz,

goratu harpa eta zitaraz.

Goratu egizue danbolin eta dantzaz,

goratu hari-soinu eta txirulaz. R/.

Goratu egizue txilin ozenez,

goratu txilin durundariz.

Goratu begie Jauna arnasa deun guztiak! R/.

Izan zaiteze errukiorrak zuen Aita errukiorra dan lez.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen bere ikasleei: «Hau dinotsuet zuei, entzuleoi: Maitatu egizuez zeuen arerioak, egin on gorroto deutsueenei, bedeinkatu madarikatzen zaitueenak, egin otoitz izen ona kentzen deutsueenen alde.

Matraila batean joten zaituenari eskeini bestea ere; soingainekoa kentzen deutsunari ez ukatu jantzia ere.

Eskatzen deutsun edonori emon, eta zeurea kentzen deutsunari ez bihurtuazo. Eta besteek zuei egitea nahi dozuena, egin zuek ere besteei. Maite zaituenak bakarrik maite badozuez, zer esker on zor jatzue? Pekatariek ere maite dabez euren maitaleak. Eta on egiten deutsueenei bakarrik egiten badeutsezue on, zer esker on zor jatzue? Pekatariek ere egiten dabe beste horrenbeste. Eta ordaina hartzekotan bakarrik emoten badozue maileguz, zer esker on zor jatzue? Pekatariek ere aurreratu ohi deutsoe alkarri, beste hainbeste hartzekotan. Ez! Zuek maitatu arerioak, egin on eta emon maileguz, ordainari begiratu barik: handia izango da zuen saria eta Goi-goikoaren seme-alaba izango zaree, ona da-eta Bera esker txarreko eta gaiztoentzat. Izan zaiteze errukior, zuen Aita errukior dan lez.

Ez gaitzetsi inor eta Jainkoak ere ez zaitue gaitzetsiko; ez kondenatu eta ez zaitue kondenatuko; parkatu, eta parkatuko deutsue; emon, eta emongo deutsue: neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emongo deutsue altzora. Izan ere, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaitue Jainkoak».