Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XIX. Asteko Osteguna

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
Juana Francisca de Chantal Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Jaunaren alkargo-kutxa zuen aurrean sartuko da Jordanen.

Egun hareetan, Jaunak esan eutsan Josueri: «Gaurtik aurrera goratu egingo zaitut Israel osoaren aurrean; holan jakingo dabe Ni zugaz nagoala, Moisesegaz egon nintzan lez. Emon agindu hau itun-kutxa daroen abadeei: Jordan ibai-ertzera heltzerakoan, gelditu bertan».

Josuek esan eutsen israeldarrei: «Hurreratu zaiteze eta entzun Jaunaren, zeuen Jainkoaren, berbak: "Hau da Jainko bizia zuen artean dagoanaren eta kanaandarrak zuen aurretik botako dituanaren ezaugarria: lur osoko jabearen itun-kutxa zuen aurretik igaroko da Jordan ibaian zehar. Eta Jaunaren, lur osoko jabearen, kutxa daroen abadeen oinek Jordango urak ikutu baizen laster, ur-korrontea eten eta urak gelditu egingo dira, hesi modura"».

Herria Jordan igaroteko kanpalekutik abiatu zanean, itun-kutxa hartu eta herriaren aurrean jarri ziran abadeak. Uztaroa zan eta urte-sasoi horretan Jordan ibaia gainezka etorri ohi zan. Kutxa eroien abadeak Jordanera heldu eta hareen oinek ur-ertza ikutu baizen laster, goitik etozan urak gelditu egin ziran, hesi-modura tente jarriz, eta urak urrunera, Tzartan ondoan dagoan Adam uriraino, heldu ziran; Araba itsaso edo Itsaso Hilera joian ur-korrontea, barriz, guztiz eten zan. Eta herria igaro egin zan Jeriko parean. Israel osoak Jordan lehorrez zeharkatu bitartean, Jaunaren itun-kutxa eroien abadeak Jordanen erdian egon ziran zutunik, lehorrean.

R/ Alleluia!

Israelek Egiptotik urten ebanean,

Jakoben herriak erbestetik,

Jaunaren santutegi bihurtu zan Juda,

haren jabetza Israel. R/.

Hareek ikustean, itsasoak ihes,

Jordanek atzera egin eban.

Mendiek jauzi egin eben aharitoek lez,

muinoek bildotsek lez. R/.

Zer dozu, itsaso, ihesi joateko?

Eta zuk, Jordan, atzera egiteko?

Zer dozue, mendiok, jauzi egiteko aharitoek lez,

eta zuek, muinook, bildotsek lez? R/.

Zazpi bider ez, zazpitan zazpi hamar bider baino parkatu behar dozu.

Aldi haretan, hurreratu jakon Pedro Jesusi eta itaundu eutsan: «Jauna, nire senideak bidegabekeriaren bat egiten badeust, zenbat bider parkatu behar deutsat? Zazpi bider?»

Jesusek erantzun eutsan: «Zazpi bider ez, zazpitan zazpi mila bider baino.

Hain zuzen, bere morroiekin kontuak garbitu gura izan ebazan erregeagaz lez jazoten da zeruetako erreinuagaz. Kontuak garbitzen hastean, dirutza izugarria zor eutsan bat ekarri eutsoen. Eta nondik ordaindurik ez eban-eta, bera eta emaztea, seme-alabak eta ebazan guztiak saltzeko agindu eban nagusiak, zorra ordaintzeko. Morroiak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten eutsan: "Emoidazu astia eta dana ordainduko deutsut". Nagusiak, errukiturik, dana parkatu eta libre itzi eban morroia.

Baina morroiak, urten orduko, diru apur bat zor eutsan bere morroi-laguna topatu eban, eta, lepotik heldu eta ito beharrean, esan eutsan: "Ordaindu egidak zor deustana". Lagunak, oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten eutsan: "Emoidak astia eta dana ordainduko deuat". Baina besteak ezetz, eta joan eta kartzelan sartu eban, zorra ordaindu arte.

Beste morroiak, jazotakoa ikusirik, biziro atsekabetu ziran, eta nagusiagana joan eta jazotakoaren barri emon eutsoen. Orduan, nagusiak morroiari deitu eta esan eutsan: "Morroi gaizto hori! Horrenbesteko zorra parkatu deuat nik, eskatu deustalako; ez al zoan bidezkoa hi ere heure morroi-lagunaz errikutzea, ni heugaz errukitu nintzoan lez?" Eta nagusiak, hasarre bizitan, borreroen esku itzi eban, zor guztia ordaindu arte. Zuei ere gauza bera egingo deutsue zeruko nire Aitak, senideok alkarri bihotzez parkatzen ez badeutsazue».

Berbaldi hau amaitu ebanean, Galileatik alde egin eta Judeako mugetan sartu zan Jesus, Jordanez bestaldera igaroz.