Egun hareetan, Moisesek Moabeko lautadatik, Jeriko parean dagoan
Nebo mendira, Pisga gailurrera, igon eban. Handik lurralde osoa
erakutsi eutson Jaunak: Galaadetik Danerainoko lurraldea; Neftali, Efraim
eta Manasesena, Judaren lurralde guztia Mediterraneo itsasoraino; Negev
eta Jerikoko –Palmondo uriko– ibar ingurua, Tzoar uriraino. Eta esan
eutson Jaunak: «Hori da Abrahami, Isaaki eta Jakobi zin eginez agindu
neutsen lurraldea. Esan neutsen: “Zure ondorengoei emongo deutset”.
Zeure begiz ikusten itzi deutsut; baina ez zara bertan sartuko».
Han hil zan Moises, Jaunaren zerbitzaria, Moabeko lurraldean, Jaunak
esan eban lez. Haranean lur emon eutsoen, Moabeko lurraldean, Bet-Peorren
aurrez aurre, eta inork ez dau izan haren hilobiaren barririk gaur arte.
Ehun eta hogei urte ebazan Moisesek hil zanean; ez jakon ikusmena
ahuldu, ez eutsoen indarrek huts egin. Israeldarrek hogeta hamar egunez
egin eben negar Moisesengaitik Moabeko lautadan, dolualdia bete eben arte.
Josue, Nunen semea, zuhurtziaz beterik egoan, Moisesek eskuak ezarri
eutsozan-eta buruan. Israeldarrek obedidu egin eutsoen eta Jaunak Moisesi
agindu eutson lez jokatu eben.
Ordutik, ez da sortu Israelen Moises lako profetarik, Jaunagaz hain
hartuemon estuak izan ebazan Moises lakorik; inor ez haren parekorik
mirariak eta egintza harrigarriak egiten, hau da, Jaunak bialduta, faraoiaren
kontra eta honen funtzionarioen eta lurralde osoaren kontra Egipton
Moisesek egindako mirari eta egintza harrigarriak lakoak egiten; ezta be
inor Moisesek Israel osoaren aurrean baizen esku indartsuz eta era handian
eta bildurgarrian jokatu ebanik.
Jaunak esana.
R/ Bedeinkatua Jainkoa, bizirik deusku-eta eutsi.
V/.
Lur osoa, egiozu irrintzi Jainkoari,
kanta haren izen ospetsuari,
emon aintza eta gorespen hari.
Esan Jainkoari: «Zein izugarriak diran zure egintzak!» R/.
V/.
Zatoze eta ikusi Jainkoak eginak,
izugarriak dira gizakien aldeko haren egintzak.
Bedeinkatu, herriok, gure Jainkoa,
oihukatu goraki haren gorespena. R/.
V/.
Zatoze eta entzun, Jainkoari begirune deutsazuenok,
kontatuko deutsuedaz harek nire alde eginak.
Ahoz neutsan dei egin
eta mihinez goretsi. R/.
Entzuten badeutsu, irabazi dozu zeure anaia.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zure senideak pekatu egiten badau, zoaz beragana eta zentzatuazo bakarrean. Jaramon egiten badeutsu, irabazi dozu senidea. Jaramonik egiten ez badeutsu, barriz, hartu egizuz zeugaz lagun bat edo bi, auzi guztiak bi edo hiru lekukoren autorpenaz erabagi behar dira-eta. Honei ere jaramonik egiten ez badeutse, esaiozu alkarteari, eta alkarteari ere jaramonik egin nahi ez badeutso, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko.
Benetan dinotsuet: zuek mundu honetan lotutakoa, zeruan ere lotuta geldituko da, eta zuek mundu honetan askatutakoa, zeruan ere askatuta.
Beste hau ere esaten deutsuet: zuetako bik alkar hartzen badabe mundu honetan Jainkoari zeredozer eskatzeko, emon egingo deutse zeruko nire Aitak. Izan ere, nire izenean bi edo hiru lagun nonbaiten batzen badira, han izango naz Ni euren erdian».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Mateo →