Lainoak estaldu eban batzar-txabolea,eta Jaunaren aintzak bete santutegia.
Egun hareetan, Moisesek zehatz-mehatz egin eban Jaunak agindutako guztia. Egiptotik urten eta bigarren urtean, lehenengo hilaren lehen egunean eregi eben egoitzea. Egoitzea eregi eban Moisesek: haren oinak, oholak eta zehar-habeak ezarri ebazan eta zutabeak jaso. Oihal-txabolea egoitzearen gainetik zabaldu eban eta estaldura jarri gainetik, Jaunak Moisesi agindu eutsan lez. Itun-agiria hartu eta kutxa barruan ipini eban; hagak jarri eutsazan kutxari eta estalkia ezarri gainean. Egoitzara eroan eban kutxa eta kortinea ezarri itun-kutxa estaltzeko, Jaunak agindu eutsan lez.
Orduan, lainoak estaldu eban alkarketa-txabolea eta Jaunaren aintzak bete eban egoitzea. Moisesek ezin eikean alkarketa-txabolan sartu, lainoa gainean kokaturik egoalako eta Jaunaren aintzak egoitzea beteten ebalako. Egoitzearen gainetik lainoa jagiten zanean abiatzen ziran israeldarrak bidaialdi bakotxean; baina lainoa jagiten ez bazan, ez ziran abiatzen, jagi arte. Israeldarren ibilaldi guztian, Jaunaren lainoa egoitzearen gainean egon ohi zan egunez, eta sua gauez, Israel herri osoak ikusteko moduan.
R/ Zure etxea, gudari-taldeen Jauna, bai maitagarri dala!
Makaltzen dihardut barrua,
Jaunaren tenpluko atarien gogo biziz.
Nire bihotz eta gorputzak
poz-oihu dagioe Jainko biziari. R/.
Txoriak ere aurkitu dau etxea,
baita enarak ere kumeentzat habia:
zure altareak, Jaun ahalguztiduna,
ene Errege eta ene Jainkoa! R/.
Zorionekoak zure etxean bizi diranak
eten barik Zu goratzen!
Zorionekoak euren indarra Zugan dabenak,
erromesaldiak gogoan erabiltean!
Gainez gain doaz,
eta jainkoen Jainkoa agertzen jake Sionen. R/.
Hobe da egun bat zure atarietan,
nire etxean mila baino;
gurago dot Jainkoaren etxeko ate ondoan egon,
gaiztoen etxepean bizi baino. R/.
Marta, estu eta larri zabilz zu gauza askogaz
Aldi haretan, sartu zan Jesus herritxo baten, eta Marta eritzon emakume batek bere etxean hartu eban. Baeban honek Maria izeneko aizta bat; eta hau Jaunaren oinetan jarrita, Haren berbea entzuten egoan.
Martak, barriz, baeukan nahiko lan etxeko zereginetan; eta, aurrean jarri eta esan eutsan Jesusi: Jauna, ez ete deutsu bape ardura, nire aizteak ni lanean bakarrik izteak? Esaiozu niri laguntzeko. Eta Jaunak erantzun: Marta, Marta, estu eta larri zabilz zu gauza askogaz; eta bat bakarra izan beharrezkoa. Mariak alderik onena aukeratu dau, eta ez jako hoti kenduko.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →