Urtean Zeharreko XVII. Asteko Astelehena
Pekatu larria egin dau herri honek, urrezko jainkoa eginez.
Egun hareetan, jatsi zan Moises Sinai menditik legearen harlosa bi eskuetan ekarzala. Harlosak alde bietatik idatzita egozan; Jainkoak eginak ziran eta hareetan idatzia be Jainkoak zizelkatua zan.
Entzun eban Josuek oihuka ebilen herriaren zarata-hotsa eta esan eutson Moisesi: «Entzun, gudu-irrintziak kanpalekuan». Moisesek erantzun eutson: «Ez da hori garaileen oihua, ezta garaituena be; jai-oihuak dira entzuten ditudanak».
Kanpalekura hurreratu ahala zekorra eta dantzak ikusi ebazanean, hasarre bizian jarri zan Moises eta, harlosak eskuetatik jaurtiz, mendi-oinean zatitu ebazan. Gero, egin eben zekorra hartu, erre eta hauts bihurtzeraino birrindu eban; ondoren, errautsa uretan nahastu eta israeldarrei edanazo eutsen.
Aaroni esan eutson: «Zer egin deutsu herri honek? Zelan eginazo deutsazu halako pekatu larria?» Aaronek erantzun eutson: «Ene Jauna, ez zaitez sumindu. Zuk ondo dakizu herri hau okerrera makurtu dana. Hau esan deuste: “Egiguzu bidean gidatuko gaituan jainkoa, ez dakigu-eta zer jazo jakon Egiptotik atara ginduzan Moises horri”. Nik esan deutset, orduan: “Ba ete dau inork urrerik?” Hareek urrea batu eta ekarri egin deuste; nik sutara bota eta, hara, zekor honek urten dau».
Biharamonean, Moisesek esan eutson herriari: «Pekatu larria egin dozue; baina Jaunagana igongo dot, ea parkamena lortzen deutsuedan». Halan, Jaunagana bihurtu eta esan eutson: «Pekatu larria egin dau herri honek, urrezko jainkoa eginez. Baina parkatu egiozu, arren; bestela, kendu nire izena idatzi dozun biziaren liburutik!»
Jaunak, ostera, erantzun eutson: «Nire aurka pekatu egiten dauana bakarrik kenduko dot neure liburutik. Zoaz orain eta eroan herria esan deutsudan tokira. Nire aingeruak gidatuko zaitu. Baina helduko da zigor-eguna, eta orduan zigortuko ditut euren pekatuagaitik».
Jaunak esana.
R/ Gomutau zaitez gutzaz, Jauna, herri hau maite dozu-eta.
Horeben zekor bat egin eben,
urre urtuzko irudia jauretsi eben.
Euren aintza eben truke egin,
zekor bedar-jalearen irudiarekin.R/.
Ahaztu egin ziran salbau zituan Jainkoaz,
Ejipton ikusgarriak egindakoaz:
mirariak Kam-herrian,
harritzekoak Itsas-Gorrian.R/.
Galzorian eukazan,
Moises hautatua jarri ez balitz Haren aurrean tarteko,
hasarrea aldendu egian, hareek ez hondatzeko.R/.
Profeta eta zintzo askok ikusi nahi izan eban zuek ikusten dozuena.
ALDI haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zorionekoak zuen
begiak, ikusten dabelako, eta zuen belarriak, entzuten dabelako.
Benetan dinotsuet: profeta eta zintzo askok ikusi gura izan
eban zuek ikusten dozuena, baina ez eben ikusi, eta entzun zuek entzuten
dozuena, baina ez eben entzun».
Jaunak esana.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Mateo →
Gure asabak gizon zintzoak ziran; eta gizaldiz gizaldi bizi da hareen izena.
EGIN dagigun gizon ospetsuen gorapena,
gure asabena, belaunez belaun.
Gizon zintzoak izan ziran gure asabak;
hareen egintza onak ez dira ahaztu;
hareen ondorengoengan irauten dabe,
hareen ondarea seme-alabengana igaro da.
Honeek zintzo gorde dabez itunak,
ondorengoek be bai, eurei esker.
Hareen ondorenak beti iraungo dau,
eta hareen ospea ez da desagertuko.
Hareen gorpuak bakean dagoz hilobiratuak
eta gizaldiz gizaldi bizi da hareen izena.
Hareen jakituriaz berba egingo dabe nazinoek
eta hareen gorespena iragarriko dau herri-batzarrak.
Jaunak esana.
R/ Jaunak Sion aukeratu dau bere bizileku.
V/. Jaunak zin egin deutso Davidi, inoiz hausiko ez dauan hitza emon: «Zure jatorriko bat ipiniko dot zure tronuan». R/.
Profeta eta zintzo askok ikusi nahi izan eban zuek ikusten dozuena.
ALDI haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zorionekoak zuen
begiak, ikusten dabelako, eta zuen belarriak, entzuten dabelako.
Benetan dinotsuet: profeta eta zintzo askok ikusi gura izan
eban zuek ikusten dozuena, baina ez eben ikusi, eta entzun zuek entzuten
dozuena, baina ez eben entzun».
Jaunak esana.