Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zehar XVI Igandea

Urtean Zehar Igandea B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Neuk batuko ditut nire artaldearen hondarrak, eta zainduko dabezan artzainak sortuko deutsedaz.

Hau dino Jaunak: «Zoritxarrekoak nire larreko artaldea sakabanatzen eta galtzen izten daben artzainak».

Beraz, honan dinotse Jaunak, Israelen Jainkoak, herria gidatzen daben artzainei: «Zeuok sakabanatu eta jaurti dozuez nire ardiak eta ez zaree hareetaz arduratu. Bada, kontuak eskatuko deutsuedaz zeuen jokabide txarragaitik» —dino Jaunak—.

«Neuk batuko ditut bizirik geldituriko neure ardiak, sakabanatu nituan lurralde guztietatik; euren larreetara ekarriko ditut barriro, eta hazi eta ugaritu egingo dira. Ondo zainduko dabezan artzainak sortuko deutsedaz; ez dira inoiz bildurtuko, ez izutuko, eta ez da bat ere galduko» —dino Jaunak—.

Hau dino Jaunak:

«Badatoz egunak,

eta egun horreetan Davidi legezko muskila sortuko deutsat.

Errege zentzundun lez gobernatuko dau

eta zuzenbidea eta justizia ezarriko ditu lurrean.

Haren egunetan Juda salbauko da

eta Israel seguru biziko.

Eta izen hau emongo deutsoe:

"Jauna gure justizia".

R/ Jaunaren etxean naz biziko luzaroen luzaro.

V/. Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrizanean;

larre gurietan etzunarazoten nau,

ur-bazter nasaira eroaten

eta indarrak deustaz barritzen;

bide segurutik naroa,

bere izenari ohore eginez. R/.

Kristo da gure bakea; bat egin ditu Berak herri biak.

Senideok: Orain, Kristo Jesusegan zagoze. Sasoi batean urrun zineenok, hurreratu egin zaree Kristoren heriotzeari esker.

Izan ere, Kristo da gure bakea. Bat egin ditu Berak herri biak, bereizten ebazan hesia, areriogoa, deseginez. Beraren gorputzean balio barik itzi dau Legea bere agindu eta arauekin, eta herri biekin gizadi barri bakarra sortu dau, bakeak eginez. Herri biak Jainkoagaz adiskidetu ditu eta kurutzeko heriotzearen bidez gorputz bakar batean alkartu, hareen arteko areriotza eureengan hondatuz.

Bere etorrereagaz bakearen Barriona ekarri eban: bakea zuei, urrun zineenoi, eta bakea hurrean ziranei; izan ere, bai batzuk eta bai besteok beraren bidez hurreratu gaitekez Aitagana Espiritu beragan alkarturik.

Artzainik bako ardiak lez egozan.

Aldi haretan, apostoluek, barriro Jesusegana batu ziranean, egin eta irakatsi eben guztiaren barri emon eutsoen. Jesusek esan eutsen: «Zatoze zuek bakarrik leku bazter batera, eta hartu atseden apur bat». Asko ziran-eta joan-etorri ebilzanak, eta ez eben jateko ere astirik.

Orduan, bazter batera joan ziran eurak bakarrik, txalupaz. Baina jente askok ikusi ebazan alde egiten, eta nora joiazan igarri ere bai, eta herri guztietatik leku haretara jo eben oinez lasterka, hareei aurrea hartuz.

Txalupatik urtetean, Jesusek jentetza handia ikusi eban. Errukitu egin jaken, artzain bako ardiak lez ebilzalako, eta luzaro irakasten hasi jaken.