Jaunak israeldarrak Egiptotik atara ebazaneko gaua.
Egun hareetan, israeldarrak Ramsesetik Sukot aldera abiatu ziran. Seirehun milaren bat gizon oinezko ziran, emakumeak eta umeak kontuan hartu barik. Hareekin batera jente-multzo itzela joian, baita behi, ardi eta abere-talde handiak ere. Egiptotik presaka bota ebezan ezkero, ez eben biderakoak prestatzeko astirik izan. Beraz, Egiptotik atara eben harrotu bako orea erre eta legamin bako ogiak egin ebezan.
Laurehun eta hogeita hamar urtez bizi izan ziran israeldarrak Egipton; aldi hau bete zan egun berean, hain zuzen, urten eban Egiptotik Jaunaren gudaroste osoak. Gau horretan zuhur egon zan Jauna, hareek Egiptotik atarateko. Horregaitik, Jaunaren omenez, zuhur egon behar dabe israeldarrek gau horretan gaubela eginez, belaunez belaun.
R/ Haren maitasuna betikoa da-eta.
V/. Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
R/. Haren maitasuna betikoa da-eta.
V/. Gogoratu da gutaz gure jausialdian: R/.
V/. Arerioakandik libratu gaitu: R/.
V/. Egiptoko lehen-semeak jo ebazan: R/.
V/. Israel handik atara eban: R/.
V/. Ahalmen handiz eta esku indartsuz: R/.
V/. Itsaso Gorria erdibitu egin eban: R/.
V/. Israel herria tartetik igaroazo: R/.
V/. Faraoia eta honen gudarostea Itsaso Gorrian hondoratu ebazan: R/.
Zorrotz agindu eutsen ez agertzeko Bera nor zan. Holan bete zan profetek esandakoa.
Aldi haretan, fariseuek, sinagogaitik urten ebenean, alkar hartu eben Jesusen kontra, Ha zelan galduko.
Jakin eban hori Jesusek eta alde egin eban handik. Jente askok jarraitu eutsan, eta Jesusek danak osatu ebazan, eta agindu eutsen ez egiela ezagutzera emon. Holan, Jainkoak Isaias profetearen bidez esana bete zan:
«Hona hemen nire zerbitzaria, Neuk aukeratua,
nire maitea, atsegin dodana.
Honegan ipiniko dot neure espiritua:
zuzenbidea iragarriko deutse herriei.
Ez dau hasarrerik sortuko, ez oihurik egingo,
ez da kaleetan haren berbea entzungo.
Kanabera arrakalatua ez dau hausiko,
doi-doi biztuta dagoan argi-metxea ez dau amatauko,
zuzenbidea nagusituazo arte.
Bera izango dabe itxaropen nazinoek».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Mateo →