Mailadi bat ikusi eban, eta Jainkoaren aingeruak, gora eta behera ebilzala.
Egun hareetan, Jakob Beer-Xebatik urten eta Haranera joan zan. Toki batera heldurik, bertan gaua igaroteko prestau zan, eguzkia sartua zan-eta. Harri bat hartu, burukotzat jarri eta hantxe etzun zan.
Ameseta hau egin eban: mailadi bat ikusi eban, beheko ertza lurrean ebana eta goikoagaz zerua ikutzen ebana, eta Jainkoaren aingeruak mailadian gora eta behera. Jauna haren gainean egoan zutunik, eta esan eutsan: «Ni Jauna naz, zure asaba Abrahamen Jainkoa eta Isaaken Jainkoa. Etzunda zagozaneko lurra zeuri eta zure ondorengoei emongo deutsuet. Zure ondorengoak lurreko hautsa baizen ugari izango dira. Sartalde eta sortaldera, iparralde eta hegoaldera zabalduko zara. Zure eta zure ondorengoen bitartez bedeinkatuko ditut lurreko leinu guztiak. Begira, zeugaz nozu ni; edonora zoazela Neuk zainduko zaitut eta lurralde honetara bihurtuarazoko. Ez zaitut eskutik itziko, esan deutsudana bete arte».
Esnatu zan Jakob bere amesetatik eta esan eban: «Benetan Jauna toki honetan dago, eta ni ohartu ez». Eta, bildurtuta, esan eban: «Bai ikaragarria toki hau! Benetan Jainkoaren etxea da eta zeruko atea!» Goizean goiz jagi zan Jakob eta, burukotzat eukan harria harturik, zutunik ezarri eban eta orioa isuri eutsan gainera Jaunari sagaratzeko. Toki hari Betel hau da, «Jainkoaren etxea» ezarri eutsan izena; lehenago «Luz» zan uriaren izena.
Gero, promesa hau egin eban Jakobek: «Jainkoa neugaz badot eta bidaia honetan babesten banau, jateko ogia eta janzteko arropak emoten badeustaz, eta neure aitaren etxera bizirik eta osasuntsu bihurtzen banaz, Jauna izango dot Jainko, eta oroitarri lez eregi dodan harri hau Jainkoaren etxea izango da».
R/ Ene Jainko, Zugan dot konfiantzea.
Goi-goikoaren aterpean bizi zaran horrek,
gaua Ahaltsuaren kerizpean emoten dozun horrek,
esaiozu Jaunari: «Zu nire babesleku eta gaztelu,
ene Jainko, Zugan dot konfiantzea». R/.
Berak libratuko zaitu ehiztariaren saretik
eta izurri galgarritik.
Bere lumapean kerizpetuko zaitu,
haren egopean izango dozu babeslekua,
haren besoa babeski eta korazea. R/.
«Onik atarako dot, niri lotuta dagoalako,
toki seguruan jarriko, nire izena autortzen daualako.
Dei egingo deust, eta Nik erantzungo;
beragaz izango nau larrialdian. R/.
Alabea hil jat oraintxe. Zatoz, ostera, eta biziko da.
Aldi haretan, Jesusek berbetan ziharduala, buruzagietako bat etorri jakon eta, ahuspezturik, esan eutsan: «Hil barria dot alabea; baina zatoz hari eskua ezartera, eta biziko da». Jesus jagi eta atzetik joan jakon bere ikasleekin.
Honetan, hamabi urte hareetan odol-jarioz egoan emakume bat atzetik hurreratu jakon Jesusi eta soineko-ertza ikutu eutsan, honan inoan-eta berekautan: «Jantzia behinik behin ikutzen badeutsat, osatuko naz».
Bihurtu zan Jesus eta, emakumea ikustean, esan eutsan: «Izan bihotz, alaba! Zeure sinesmenak osatu zaitu». Eta ordu beretik osatuta gelditu zan.
Heldu zan Jesus buruzagiaren etxera eta, hango erostariak eta jentearen zaratea ikustean, esan eutsen: «Alde hemendik! Neskatilea ez dago hilda, lo dago». Hareek barre egiten eutsoen.
Jesusek, jentea bialdu ebenean, sartu eta eskutik heldu eutsan neskatileari, eta neskatilea jagi egin zan. Inguru guzti haretan zabaldu zan jazotakoaren barri.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Mateo →