Pozik harrotuko naz nire argaltasunez.
Senideok: Harrotu behar badot, ezertarako ez bada ere, Jaunagandiko ikuskari eta agerpenetara joko dot. Ezagutzen dot nik kristau bat, orain hamalau urte hirugarren zeruraino eroan ebena, gorputzagaz ala gorputz barik ete zan ez dakit, Jainkoak daki. Badakit gizon hori paradisura eroan ebela, gorputzagaz ala gorputz barik ez dakit, Jainkoak daki, eta han gizakiak ezin esan daikezan berbak entzun ebazala.
Halako gizonaz harrotuko naz ni; neure buruaz, ostera, ez, neure makaltasunaz ez bada. Harrotuko banintz, ez litzateke burubakokeria izango, egia hutsa esango neuke-eta; baina bego horretan, inork nigan ikusten dauanak edota niri entzuten deustanak adierazoten dauana baino handiagotzat hartu ez nagian, aparteko goi-agerpenak izan dodazala-eta.
Horreek dirala-eta nire burua dan baino handiagotzat jo ez dagidan, haragian sartuta daukadan eztena emon jat, jo eta jo narabilan Satanasen ordezkaria, harrotu ez naiten. Hiru bider eskatu deutsat Jaunari, kendu dagiala hori nigandik, baina Berak esan deust: Nahikoa dozu nire laguntza, nire indarra makaltasunean gauzatzen da-eta bete-betean.
Pozik harrotuko naz, beraz, neure makaltasunaz, Kristoren indarra bizi daiten nigan. Horregaitik, pozik nabil Kristogaitik jasaten dodazan makaltasuna, irain, beharrizan, erasoaldi eta estualdietan. Makala nazanean, orduan naz-eta indartsua.
R/ Ahogozatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna
Kanpaturik dago Jaunaren aingerua
Hari begirunea deutsoenen inguruan,
eta libratzen ditu.
Ahogozatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna:
zorionekoa Haregan babesten dana.
Izan Jaunari begirunea zuek, Hari sagaratuok,
ez jake-eta ezer falta begirunea deutsoenei.
Aberatsek ere ezagutzen dabe beharrizana eta gosea,
Jaunagana joten dabenei ez jake onik falta.
Zatoze, seme-alabok, eta entzun:
Jaunari begirunea izaten irakatsiko deutsuet.
Ez zaiteze kezkatu biharko egunaz.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen bere ikasleei: Ezin da inor nagusi biren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango dau eta bestea maite, edota bati leial izango jako eta bestea ez dau aintzat hartuko. Ezin zaree Jainkoaren eta diruaren morroi izan.
Horregaitik dinotsuet: Ez kezkatu biziteko zer jango edo gorputza zerez jantziko. Ez ete da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? Begira zeruko hegaztiei: ez dabe ereiten, ez uztarik batzen, ez garautegietan pilatzen; halan ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez al dozue zuek hareek baino askoz gehiago balio?
Asko kezkatuta ere, zuetako nork luzatu leike apurtxo bat bizitza? Eta jantziaz, zergaitik kezkatu? Begiratu zelan hazten diran lorak zelaietan: ez dira lanean nekatzen, ez dabe goruetan egiten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zan jazten horreetako bat baizen apain.
Beraz, gaur bedartzan dagoan eta bihar sutan erreko dan bedarra Jainkoak holan jazten badau, zenbatez gehiago zuek, sinesmen gitxikook? Ez kezkatu, bada, zer jango, zer edango, zer jantziko dozuen pentsatuz. Jentilak arduratu ohi dira guzti horreetaz. Zeruko zuen Aitak badaki guzti horreen beharrizana dozuela. Bilatu lehenengo Jainkoaren erreinua eta beronen zuzentasuna, eta beste guzti hori gehigarritzat emongo deutsue Jainkoak.
Ez kezkatu, bada, biharko egunaz, biharko egunak ere ekarriko dau-eta bere kezkea. Nahiko ditu egun bakoitzak bere buruhausteak.