Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XI. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Emoile alaia maite dau Jainkoak.

Senideok: Izan kontuan urri ereiten dauanak urri batzen dauala, eta oparo ereiten dauanak batu ere oparo batzen dauala. Emon begi bakotxak bere kontzientzian erabagi dauana, baina ez gogo txarrez eta behartuta lez, alai emoten dauana maite dau-eta Jainkoak.

Eta ahaltsua da Jainkoa era guztietako dohaiez zuek beteteko, zeuentzat danetik nahikoa izanik, egintza on guztietarako ugari izan dagizuen, Liburu Santuak dinoan lez:

Esku betean emoten deutse behartsuei,

haren eskuzabalak betiko dirau.

Ereiteko hazia eta jateko ogia emoten dituan Jainkoak emongo deutsue hazia, ugarituko dau zuek ereindakoa eta oparo gehituko ditu zuen eskuzabaltasunaren emoitzak.

Danetan aberatsak zaree, danetan eskuzabalak izateko; holan, gure bitartez, zuen eskuzabaltasunak Jainkoarentzat esker ona sortuko dau.

R/ Zorionekoa Jaunari begirunea deutsona.

edo Alleluia

Zorionekoa Jaunari begirunea deutsona,

haren aginduak biziro maite dituana.

Ahaltsua izango da lurraldean haren jatorria,

bedeinkatua zuzenen ondorea. R/.

Haren etxean ondasunak ugari izango dira,

haren eskuzabaltasunak betiko dirau.

Ilunpetan argia sortzen da zuzenentzat:

Jainko errukiorra, bihozbera eta zintzoa. R/.

Esku betean emoten deutse behartsuei,

haren eskuzabaltasunak betiko dirau:

ohorez jasoko dau burua. R/.

Ezkutuan ikusten dauan zure Aitak emongo deutsu saria.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen bere ikasleei: Begira, gero: ez egin zeuen egintza onak jentaurrean, ikusi zagiezan! Bestela, ez dozue zeruetan dagoan Aitaren saririk izango.

Limosnea emotean, beraz, ez ibili aurretik turuta joten, itxurazaleak sinagogetan eta kaleetan ibilten diran lez, jenteak txalotu dagizan. Egia esan, horreek jaso dabe euren saria. Zuk limosnea emotean, ostera, ez begi jakin zure ezkerrak zer egiten dauan eskumeak; holan, zure limosnea ezkutuan geldituko da; eta ezkutuan ere ikusten dauan zure Aitak emongo deutsu ordaina.

Otoitz egitean, ez egin itxurazaleek lez; horreek sinagogetan eta plaza-ertzetan zutunik otoitz egitea maite dabe-eta, jenteak ikusi dagizan. Egia esan, horreek jaso dabe euren saria. Zu, ostera, otoitz egitean, sartu zaitez zeure gelan, itxi atea eta egiozu otoitz ezkutuan dagoan zeure Aitari; eta ezkutuan ere ikusten dauan zure Aitak emongo deutsu ordaina.

Barau egitean, ez agertu kopetilun, itxurazaleak lez, aurpegia itsusitu egiten dabe-eta, barau egiten dabela jenteari agertzeko. Egia esan, horreek jaso dabe euren saria. Zuk, ostera, barau egitean, igurtzi zeure burua usain gozoz eta garbitu aurpegia, jenteak ez, ezkutuan dagoan zure Aitak baino ikusi dagian zure baraua; eta ezkutuan ere ikusten dauan zure Aitak emongo deutsu ordaina.