Jainkoak berak biztu dau argia gure bihotzean, Jesu Kristoren aurpegian distira egiten dauan Jainkoren aintza argiro ezagutu dagigun.
SENIDEOK: Gaur arte, Moisesen liburuak irakurtzen dabezanean, zapi
batek estaltzen deutse adimena israeldarrei. Nor edo nor Jaunagana
bihurtzean bakarrik kenduko jako estalkia. Izan be, Jauna Espiritua dalako,
eta Jaunaren Espiritua non, askatasuna han. Guk guztiok, aurpegia agirian
dogula, Jaunaren aintza islatzen dogu, eta haren irudira gabiltz erabarritzen,
gero eta distiratsuago bihurtuz, Espiritua dan Jaunak eraginda.
Horregaitik, apostolu-zerbitzu hau Jainkoak bere errukiaz emon deuskula
jakinik, ez dogu kemenik galtzen. Guk iragartzen dogun Barri Ona ilun
geratzen bada, galtzen diranentzat geratzen da ilun, sinisbakoentzat hain
zuzen be; Satanasek, mundu honetako jainkoak, itsutu egin deutse adimena,
Jainkoaren irudi dan Kristoren aintzazko Barri Onaren argi distiratsua ikusi
ez dagien.
Ez gabiltz geure burua predikatzen, Jesu Kristo Jauna dala baino, eta gu
ez gara zuen zerbitzari besterik Jesusenganako maitasunagaitik. «Distiratu
begi argiak ilunpean» esan eban Jainkoak berak biztu dau argia gure
bihotzean, Jesu Kristoren aurpegian distira egiten dauan Jainkoaren aintza
argiro ezagutu dagigun.
R/ Gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza.
V/.
Entzungo dot Jainkoak dinoana:
Jaunak bakea agintzen deutse bere herriari eta fededunei.
Hurrean dabe salbazinoa begirune deutsoenek;
bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.
Zoaz lehenengo senideagaz bakeak egitera.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Jainkoaren guraria lege-maisuek eta fariseuek baino hobeto beteten ez badozue, ez zaree sartuko zeruetako erreinuan.
Entzuna dozue antzinakoei agindua: "Ez hil inor", eta norbait hilten dauana errudun izango da auzitegian. Nik, ostera, hau dinotsuet: bere senideagaz hasarretzen dana errudun izango da auzitegian; senideari zoroa esaten deutsana errudun izango da batzar nagusian, eta sinesbakoa esaten deutsana infernuko sutarako errudun izango da.
Beraz, zeure oparia altaran eskeintzean, gogoratzen bajatsu zure senideak badauala zerbait zure aurka, itzi oparia han bertan, altara aurrean, eta zoaz, lehenengo, senideagaz bakeak egitera; etorri orduan eta eskeini zeure oparia.
Konpondu zaitez lehenbailehen zeure arerioagaz, beragaz auzitegira zoazan bitartean, arerioak epailearen esku jarri ez zagizan, eta epaileak ertzainaren esku, eta giltzapean sartu ez zagizan. Benetan dinotsut: Ez dozu handik urtengo azken txanpona ordaindu arte».